Trafiko aldaketak egingo dituzte plazako eremuan

Ataria 2024ko uzt. 3a, 10:23

San Migel 11, 12 eta 13 etxebizitzetan bizi direnei plazara sartzeko txartelak gaitu zaizkie eta bizilagunek 20:00etatik 10:00etara aparkatu ahal izango dute plazako eremuan.

Irurako San Migel plaza inguruan ibilgailuen aparkatzea mugatuko dute. Soilik bertakoek izango dute aparkatzeko eskubidea eta ordutegi jakin baten barruan. Bertako bizilagunen ibilgailuak aparkatzeko puntuak B handi batekin markatuta egongo dira eta 20:00etatik 10:00era bitartean utzi ahal izango dute ibilgailua bertan. Gainerako ordu tarteetan plazako aparkaleku horietan aparkatzea debekatuta egongo da.

San Migel 11, 12 eta 13 etxebizitzetan bizi direnei plazara sartzeko txartela gaituko zaie ohiko sarbidetik –pilona dagoen tokitik– eta plazan bizi edo bertatik pasa behar duten gainerako ibilgailuek elizaren atzealdetik izango dute sarrera eta irteera. Sarbide hori zerbitzu teknikoek, bizilagunek, hilerrira doazenek, larrialdi zerbitzuek eta banatzaileek erabili beharko dute.

Herritar askoren eskariei erantzunez eta egungo udal gobernuak hartutako konproisoari bide emanez, plaza ingurua pertsona guztientzat gune seguru eta lasaia bihurtzeko lanean dihardu udalak. Orain egingo dituzten trafiko eta  mugikortasunari buruzko egokitzapenak, trantsizio epe baten gisan ulertzen ditu udalak, behin udaletxeko eta ostatuko obrak bukatuta, plazako eremuaren aldaketekin jarraitzeko asmoa baitu. Dagoeneko plaza oinezkoentzat gune bilakatzeko proiektua idazten ari dira eta datorren urtean lanekin hastea aurreikusten dute. Behin horiek amaituta, plazan aparkatzea debekatuta egongo da ibilgailu guztientzat. Bertako etxebizitzetan bizi direnek ibilgailuetatik zamalanak egiteko aukera izango dute, baina ez aparkatzeko.

Irurako Udalak ohartarazi du araututako neurrien betetzearen jarraipena egingo duela eta epe batez informazioa emango duela arau hausteari buruz. Ondoren arau hausteak salatu egingo dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!