Txupinazorako izenak proposatzeko aukera dute herritarrek

Ataria 2024ko ekainaren 19a

Ekainaren 26ra arte formulario bat betez proposatu ahal izango dira norbanakoak edo taldeak irailaren 20ko txupinazoa botatzeko.

Irurarrek San Migel jaietako txupinazoa zeinek bota erabakitzeko aukera izango dute. Udalak jakinarazi duenez, gizabanakoak edota taldeak proposatu daitezke, suziria botatzeko.

Proposatzen den izenak lotura zuzena behar du Irurarekin. Ekainaren 26ra arte luzatu daitezke proposamenak eta izena azaltzearekin batera arrazoia azaldu beharko da labur-labur. Udalaren web gunean zabaldu duten galdetegia bete beharko da horretarako.

Behin proposamenak aurkezteko epea amaituta, udaleko Kultura Mahaiak azterketa egingo du eta teknikoki egokiak ez diren proposamenak baztertu egingo ditu. Bestalde, jakinarazi dutenez, «proposamen integratzaileei, errespetuan oinarritutakoei eta ahalik eta adostasun eta atxikimendu gehien sor dezaketenei» lehentasuna emanez aukeratuko da irailaren 20an jaien hasierako txupinazoa botatzeko arduraduna.

Kontzertuak aukeratuta

Bide batez, irailaren 21ean, jaietako lehen larunbatean, zein taldek joko duen erabaki dute herritarrek. 24 boto eskuratu ditu Raimundo El Canasterok eta 21na Xiberoots eta J Martinak. Lehen aukerak eta Xiberootsek Irura gerturatzeko ezintasuna adierazi ondoren, Irurako San Migel jaien barruan, J Martina taldea arituko da Olgetan taldearekin batera, lehen asteburuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!