Boiseko Biotzetik, eskualdeko bihotzean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 8a, 15:02

Biotzetik Boiseko (Idaho, AEB) abesbatzak emanaldia eskainiko du Irurako eliz atarian, 19:00etatik aurrera, bertako Onintza abesbatzarekin batera. Eguerdian heldu dira herrira eta udaletxean harrera egin ondoren, xare partidak ikustera joan dira.

Biotzetik Boiseko (Idaho, AEB) abesbatzak emanaldia eskainiko du Iruran, larunbatean, 19:00etatik aurrera. Onintza abesbatzarekin batera eskainiko du kontzertua eliz atarian. Nerea Mendizabal Irurako abesbatzako lehendakariak esan du «ilusio handiz» prestatu dutela etziko emanaldia. Onintzan soinua jo eta abestu izan duen Izarne Garmendia herrikidearen bitartez egin dute harremana Boiseko abesbatzarekin.

Euskal Herritik Ipar Amerikara artzain joandako herritarren ondorengoek osatzen dute abesbatza eta euskaraz aritzen dira kantuan. Guztira, 30 kide inguru dira. Aste honetan Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritza; gainera, Baigorrin jardun dute kantuan. Gipuzkoako zenbait herri bisitatu eta horietako abesbatzekin kantuan aritu ondoren, estatubatuarrak Tolosan izan dira goizean. Harrera egin diete alkateak eta zinegotziak, eta Azoka bisitatu ondoren, Santa Maria eliza ikusi dute.

Tolosatik Irurara joan dira segidan. Udalak harrera egin die eta opariak banatu dizkie Boiseko abesbatzako ordezkariei: Pello Arsuaga xare egileak egindako xare berezi bat, Irurako San Migel festetako zapiak, Irura Moretuz talde feministaren poltsa eta Iruraren historia laburtzen duen liburua. Ondoren, agurra dantzatu die plazan, eta kalejiran joan dira Ametsa Trinketera. Bertan, xarean nola jokatzen den azaldu die Garmendiak, eta ondoren, xare eskolako gazteen erakustaldiaz gozatu ahal izan dute.

Irurako ostatuan bazkaldu ondoren, entsegu labur bat egin eta 19:00etan hasiko dute kontzertua. Herrikoak hasiko dira kantuan hamar abesti kantatuta. Ondoren beste hamar bat kantatuko dituzte Biotzetik abesbatzakoek, eta emanaldia amaitzeko, lau abesti kantatuko dituzte elkarrekin. Ordubete pasatxoko emanaldia izango dela kalkulatzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!