Boiseko Biotzetik abesbatzaren bisita jasoko dute Iruran

Ataria 2024ko eka. 6a, 15:00

Boiseko Biotzetik abesbatzako kideak aste honetan Gernikan. Argazkia: Janice Mainvil

Larunbatean 19:00etan eskainiko dute emanaldia estatubatuarrek Irurako Onintza abesbatzakoekin batera.

Biotzetik Boiseko (Idaho, AEB) abesbatzak emanaldia eskainiko du Iruran, larunbatean, 19:00etatik aurrera. Onintza abesbatzarekin batera eskainiko du kontzertua eliz atarian. Nerea Mendizabal Irurako abesbatzako lehendakariak esan du «ilusio handiz» prestatu dutela etziko emanaldia.

Onintzan soinua jo eta abestu izan duen Izarne Garmendia herrikidearen bitartez egin dute harremana Boiseko abesbatzarekin. «Ikastolan irakasle bezala aritu zen Izarne AEBn 2000. urtean eta orduan ezagutu zituen hango abesbatzako lagunak. Jakin zuen Euskal Herrira zetozela bisitan eta Irura etortzeko gonbidapena egin zien».

Euskal Herritik Ipar Amerikara artzain joandako herritarren ondorengoek osatu dute abesbatza eta euskaraz aritzen dira kantuan. Joan den astean iritsi ziren Euskal Herrira, eta igandean, Bilboko San Inazio auzoan izan ziren, Bizkaiko Abesbatzen Egunean. 700 kantari baino gehiago bildu ziren ekitaldian, tartean, Biotzetik abesbatzakoak.

Aste honetan Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu dituzte eta Eusko Jaurlaritzako kideekin ere izan dira Lakuan. Iparraldera ere egin dute bisita eta Baigorrin jardun dute kantuan. Bihar Gipuzkoan egingo dute bira. Getaria, Zarautz, Pasai Donibane eta Lasarte-Oria bisitatuko dituzte eta herri horietako abesbatzekin kantuan aritzeko aukera izango dute estatubatuarrek.

Larunbatean iritsiko dira Biotzetik abesbatzakoak Tolosaldera. Lehenengo geldialdia Tolosan egingo dute. 10:30ean iritsiko dira bertara eta alkateak eta zinegotziek egingo diete harrera. Azoka bisitatu ondoren, Santa Maria eliza ikusteko aukera izango dute. Tolosatik Irurara joango dira eguerdian. Udalak harrera egingo die 12:15ean eta dantza saioaren ondoren opariak banatuko dituzte Boiseko abesbatzako kideen artean. Ondoren, Trinketera joan eta xare partida bat ikusteko aukera izango dute gonbidatuek. Irurako ostatuan bazkaldu ondoren, entsegu labur bat egin eta 19:00etan hasiko dute Irurako kontzertua.

Biotzetik abesbatzak 30 kide inguru ditu eta haiei harrera egingo die Irurako Onintza abesbatzak, berriz, 20. Herrikoak hasiko dira kantuan hamar abesti kantatuta. «Askotariko errepertorioa prestatu dugu. Kantu batzuk euskaraz emango ditugu eta baita katalanez, italieraz eta gazteleraz ere», esan du Mendizabalek. Ondoren beste hamar bat kantatuko dituzte Biotzetik abesbatzakoek, eta emanaldia amaitzeko, lau abesti kantatuko dituzte elkarrekin.

Ordubete pasatxoko emanaldia izango dela kalkulatzen du Mendizabalek. Azkeneko asteetan Onintza abesbatzako kideak gogor entseatzen ari dira: «Astean behin bildu ohi gara normalean, baina larunbatekoa bezalako emanaldiak daudenean, astean bitan ere elkartzen gara». Herrialde Katalanetako Lliçà d'Amunt herriko abesbatzarekin abiatutako elkar trukean sakondu nahi dute irurarrek aurrerantzean. «Katalanekin jarraitu nahi dugu trukean, eta orain Boisekoekin harremana egin dugunez, batek daki AEBra ez ote garen animatuko. Gustatuko litzaiguke», aipatu du Mendizabalek.

Bien bitartean, Boiseko Biotzetik eta Irurako Onintza abesbatzak elkarrekin kantuan entzuteko aukera izango da, elizako arkupeetan, larunbatean 19:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!