Laster lau hilabete beteko ditu Irurako ostatuak. Proiektu baten hastapenak zailak izaten direla diote, baina Jon Urionaguneak eta Rosa Carbajalek ia ez dute izaten atseden hartzeko tarterik ere. Ostiral Mehean ireki zuten, eta geroztik, etengabe inauterietan baleude bezala aritu dira lanean, erritmo oso onean, batez ere, asteburuetan; ostiralero eta larunbatero ia beteta izaten dute jantokia. Gainera, familia giroan egiten dute lan, beraien bi semeekin batera kudeatzen baitute zerbitzua.
Aurrerantzean, gainera, bezeroekin adostutako menuak egitea gustatuko litzaiguke». Karta sinplea dutela dioten arren, edozein errezeta egiteko prest daude, izan kuskusa, tartariar xerra edo itsaski-jana; betiere, enkarguz eskatuta. «Guk eskaini beharrean, bezeroek eskatzea nahi dut. Guk, beraiek eskatzen dutena egingo diegu».
Arroza da ostatuko jaki izarra; arrakasta handia du, eta bertan jateko nahiz eramateko eskatzen dizkiete. Aurrez enkargatuta egiten dituzte, modu askotara: itsaskien paella, valentziarra, haragiarena, mistoa, begetarianoa, fideua edo arroz beltza. «Kartarekin bezala, arrozen kasuan ere, bezeroek eskaerak egin ahala, eskaintza zabaltzen joango gara».
Pozik daude herritarrek orain arte emandako erantzunarekin, eta horrek ilusioa pizten die aurrera jarraitzeko. «Gauza asko egiteko asmoa dugu, ahalik eta zerbitzu onena emateko, bai irurarrei, baita inguruko herrietatik gerturatuko direnei».
Bertso afari bat, lehen erronka
Bezeroak jan-edanaz asetzeaz gain, kultur ekitaldiak ospatzeko espazioa goxo eta atsegina izango da ostatua, irurarren herri kohesiorako baliagarri suertatuko dena. Urionaguneak, gainera, badu jarduera bat buruan: «Bertso afari bat egin nahi dut, eta gaietako bat honakoa izan dadila: edozein taberna edo jatetxetako bezeroek, euren txanda iritsi arte, itxaroteko duten ezintasuna. Arrandegietan aspaldi lortu zuten arazo hori konpontzea, baina tabernetan oraindik ez dugu jakin». Bertso saioez gain, musika kontzertuak antolatzeko asmoa ere badute.
- Helbidea. San Migel plaza 8 (Irura)
- Ordutegia. Asteartetik igandera zabalik (10:00-22:00); ostiraletan eta asteburuetan, 00:00ak arte. Astelehenetan itxita.
- Telefono zenbakia. 943 900 993