Irurako plaza, artisauen erakusleihoa

Leyre Carrasco 2024ko maiatzaren 26a

Herriko, bailarako zein Euskal Herriko artisauak eta elikagai ekoizleak bildu dira goizean Irurako plazan, XI. artisautza eta janari azoka ospatzeko; guztira, 20 postu baino gehiago izan dira bertan.

Eguraldi onarekin batera hasten dira udaberriko azokak, baina gaur laino artean egin behar izan dute Iruran. Hain zuzen, artisautza eta janari azoka ospatu dute, hamaikagarrenez. Honela, artisau eta nekazariek ekoitzitako hainbat produktu erosteko aukera izan da plazaren bueltan.

Guztira, 20 postu baino gehiago izan dira, herriko, bailarako zein Euskal Herriko beste lekuetatik etorritakoak. Batzuek, besteak beste, baratzeko produktuak, gazta, eztia, ogiak eta gozoak izan dituzte salmentan. Beste batzuek, berriz, eskuz egindako apain, bitxi edota arropak izan dituzte euren postuetan.

Herritar ugari izan da bertan eta giro ederra sortu da plazan. Gainera, mokadutxo baterako aukera ere izan dute herritarrek, talo postua baitzegoen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!