Haria lotzeko hamaika puntu ditu xare batek. Jexux Mari eta Pello Arsuagak ere hamaika lotura dituzte. Aita-semeak dira, eta xare egileak. Jada erretiroa hartutakoa bata, gaur egun horretan aritzen dena bestea. Irurako xare eskolak izan duen hazkundea eta herrian izandako eragin positiboa nabarmendu dute.
Noiz eta zergatik hasi zineten xareak egiten?
Pello: Oso erraza izan zen prozesua. Betidanik ikusi izan dut aita xareak egiten, eta berak erretiroa hartu zuenean, norbaitek jarraitu behar zuela sentitu nuen. Lehenik, xareak egiten ikasi nuen, baina 18 urte inguru nituen, eta adin horretan, bestelako interesak izaten ditugunez, albo batera utzi nuen. Duela 25 bat urte, aitari osasun arazo bat atzeman zioten, eta xareak tolesteko eta forma emateko nahiz xareari sokak jartzeko indar handia behar denez, uztea erabaki zuen. Orduan, «orain edo inoiz ez» pentsatu nuen, eta horrela hasi nintzen.
Jexux Mari: Haurrak ginela, Irurako plazan aritzen ginen xarean jokatzen. Orduan, Jose Ameztoyk egiten zituen xareak guretzat, baina 90 urte inguru zituela utzi zuen, eta Ipar Euskal Herrira joan behar izaten genuen xareak eskuratzera. 1952an eta 1970ean, Munduko Txapelketak jokatu ziren Donostian, eta irurarrak izan ziren tartean. Bigarren txapelketa hark gogoa eta ilusioa piztu zituen herrian, eta Ameztoy nire ezkaratza berean bizi zenez, xareak egiten erakusteko eskatu nion. Lanetik atera ondoren, berarengana joaten nintzen ikastera.
Xareak eragin handia izan du Iruran, historikoki. Horrek nolako eragina izan du xareak egiteko orduan?
Pello: Lehen, arazo handiak izaten ziren Ipar Euskal Herrira joan eta xareak lortzeko, baina gaur egun, bost edo sei xare egile ezagutzen ditut bertan; akaso, gehiago ere badira. 2020an eta 2022an, xareak egiteko ikastaroak antolatu zituen bertako pilota federazioak, eta horietan parte hartu nuen. Modu desberdinak ditugu xareak egiteko, eta horiek elkarbanatzeko aukera ona izan zen. Ni, gehienbat, irurar batek xareak egiten jarrai dezan aritzen naiz lanean.
Pello Arsuaga: «Ni, gehienbat, irurar batek xareak egiten jarrai dezan aritzen naiz lanean»
Eta Hego Euskal Herrian zenbat zarete?
Pello: Badakit Iruñean xare egile bat zegoela, baina hura hil egin zen. Han inguruan badago beste bat, baina ez gara asko izango.
Jexux Mari: Lehen orain baino zaletasun handiagoa zegoen. Lauzpabost edo izango ginen xare egileak. Horiek, ordea, ez dute jarraipenik izan. 1950etik aurrera, hutsune handia izan zen. Xareak egiten ez zirenez, ezinezkoa zen jokatzea. Gero, 1970etik aurrera edo hasi ginen berriro.
Garaiaren araberako lana da, ezta?
Pello: Egurra urrian, azaroan eta abenduan moztu eta biltzen dugu; batzuetan, eguraldiaren arabera, urtarrilean ere mozten dugu.
Jexux Mari: Zuhaitzak izerdirik ez daukanean moztu behar da. Ilargiaren aldiari ere begiratu behar izaten diogu. Gaztainondoa ilbeheran moztu behar da; hurritza, berriz, ilgoran. Gaur egun hurritza erabiltzen da gehien, gaztainondoak gaitz bat izan zuelako.
Beti erabili izan dira zuhaitz horietako egurrak?
Biek: Hemen bai.
Pello: Ipar Euskal Herrian, zumearekin egiten dituzte xareak. Tolesteko askoz errazagoa da. Etxe atarian izaten dituzten lorategietan landatzen dituzte, eta beraz, erraz lortzen dute egur hori.
Eta jokatzerako garaian nabaritzen da aldea egurren artean?
Pello: Zumearen eta hurritzaren artean, ez.
Jexux Mari: Nik behin proba bat egin nuen banbuarekin, baina pilotariek ez zuten gustuko. Moldatzeko oso erraza zen, baina erabili ahala forma galtzen zuen. Beste behin, hariaren ordez goma jarri nion xare bati, baina ez zuen ezertarako balio.
Jexux Mari Arsuaga: «Behin proba bat egin nuen banbuarekin, baina pilotariek ez zuten gustuko»
Egurra bilduta, zein izaten da hurrengo zeregina?
Pello: Forma ematea. Horretarako, aitak behin prestatu zituen moldeak erabiltzen ditut. Behin forma eman ondoren, urtebetez uzten ditugu lehortzen, ondo lehortzeko.
Jexux Mari: Egoera arrunt batean, urtean zentimetro bat lehortzen da egurra, eta xarea egiteko zentimetro eta erdiko diametroa duen egurra erabiltzen da.
Pello: Behin lehortuta, xarea limatu, lixatu eta bernizatu egiten dut, eta hori egin ondoren, soka jartzen diot. Ez du behar soka oso zurruna; elastikotasuna behar du.
Soka bat edo beste erabili, aldea dago?
Pello: Soka ona, kotoi ona, lortzea zaila da. Joxi Lopetegirekin Ipar Euskal Herrira egindako bidaia batean, bere xareen egilearekin egon nintzen eta zein soka erabiltzen zuen esan zidan. Alderatu egin nuen nik erabiltzen nuenarekin, eta hura hobea zen. Orain, handik ekartzen dut soka. Jokatzeko garaian, aldea dago xarea zein sokarekin eginda dagoen.
Jexux Mari: Garai batean, Argentinatik ekartzen genuen soka. Soka berezia zen, hemen aurkitu ezin genuena.
Sokaren joskerak ere badu berezitasuna.
Pello: Trentza forma eman behar zaio; kanpoaldetik hasi eta ixten joan, armiarma sarearen itxura eman arte. Bere denbora behar du, baina ez da lan zailena. Aurretik egin beharreko lanak zailagoak dira, egurra biltzea eta lehortzea, besteak beste. Xareak egiteak, gainera, baditu bere trikimailuak. Behin ikasiz gero, automatikoki egiten dira; oso errepikakorra da prozesua.
Zenbat xare egiten dituzu urtean?
Pello: 25 inguru. Gehienbat, Irurako Pilota Eskolarako egiten ditut, Mikel Uzkudunek eskatuta. Horiez gain, txapelketaren bat edo jokatu behar dutenean, ordezko xareak eskatzen dizkit gaztetxoentzat. Badaezpadakoak ere izaten ditut eginda.
Eta lehen zenbat egiten zenituen Jexux Mari?
Jexux Mari: Ez dakit. Ez zegoen xare eskolarik, baina askok etxean apaingarri modura edukitzeko erosten zituzten.
Pello: Gaur egun bada bitxikeria bat. Irurako xare jokalariek, senior mailan jokatzera igarotzen direnean, Ipar Euskal Herrian egindako xareekin jokatzen dute. Oraindik inork ez dit esan zergatik. Joxik behin esan zidan bertako xare batekin ohituta dagoelako jokatzen duela harekin. Jokalari bakoitzak bere gustuak, maniak edo ohiturak ditu, baina egia da Joxi bera eredu bat dela Irurako xare jokalari gazteentzat, eta horrek eragin handia du. Egokitu izan zait bertan erositako xareei hariak konpondu behar izatea.
Kanpotik jasotzen al duzu eskaririk?
Pello: Luzaideko Pilota Eskolarako ere egiten ditut. Bertako kide bat ezagutu nuen Ipar Euskal Herrian egindako ikastaroetan. Lehen xarean aritzen zen; gerora, ordea, pilota eskolan galdu egin zuten xarean aritzeko ohitura. Berak, baina, berreskuratu egin nahi zuen, eta xareak egiten hasi nahi zuen, baina denbora faltagatik, ezin zuela, eta orain niri eskatzen dizkit.
Jexux Mari Arsuaga: «Kubara eta Mexikora bidali izan genituen xareak»
Jexux Mari: Nire garaian, Kubara eta Mexikora bidali izan genituen xareak.
Fisikoki lanbide gogorra da?
Pello: Gutxieneko indar eta esfortzua eskatzen du.
Jexux Mari: Egurrari forma emateko batez ere.
Xare on batek zer behar du?
Pello: Ondo lehortutako egurra, eta forma egokia duena. Aldi berean, indartsua eta arina izan dadila. Eta zalantzarik gabe, soka oso garrantzitsua da.
Xare guztiak berdinak dira?
Jexux Mari: Ez daude bi xare berdin.
Pello: Ezinezkoa da, eskuz eginak direlako. Antzekoak bai, baina berdinak ez.
Pello Arsuaga: «Ezinezkoa da bi xare berdin egitea, eskuz eginak direlako»
Eta eskuz egiten direnez, erraza da akatsak egitea?
Pello: Soka jartzean bai, beste zerbaitekin kontzentrazioa galtzearen ondorioz. Hala ere, erraza da gero korapiloak askatu eta berriro hastea. Bestalde, egurra puskatzeak bai ez duela atzera bueltarik. Tolesten hasi eta indar handiegia erabiltzeagatik gerta liteke.
Jexux Mari: Moldean sartzerakoan ere kontuan izan behar da egurrak duen kolorea edo hezetasuna, puskatu daitekeelako.
Gaur egungo gazteak nola animatuko zenituzkete lanbide honetara?
Pello: Ikastaroak izan daitezke horretarako modu egokia. Nire aitak bere garaian egin zituen batzuk. Nik ere horrelako zerbait egin nahiko nuke, baina hasieratik bukaerarainokoa egin nahiko nuke, hau da, egurra moztetik haria jartzerainokoa. Prozesua osorik nirekin batera jarraituko lukeen talde bat osatzea da nire nahia. Buruan ere badaukat xarea egiteko prozesua idatziz libururen batean edo gordeta uzteko asmoa, irudiekin lagunduta; bide-orri moduko bat.
Urte batzuk barru xare egileen beharra egongo da?
Pello: Nire aitak bere garaian ikusitako behar hori ez dut ikusten orain, gertu ere badirelako xare egileak. Xarea ez da galduko Iruran xarerik egiten ez delako. Ni ez naiz beldur horrekin bizi, herriko kultur ondareari jarraipena ematea zoragarria litzatekeen arren.