Etorkizuna irudikatzeko prozesua abiatu dute

Ataria 2024ko mai. 8a, 11:59

10 urtera begirako Irurari buruz hausnartuko dute herritarrek asteotan; maiatzaren 16an, bilera irekia egingo dute udaletxeko ganbaran.

Irurako Udalak 2024-2034 epealdirako erronkak eta egitasmoak identifikatzeko parte hartze prozesua jarri du martxan. Zatoz etorkizuna irudikatzera izena jarri dio. Emunek gidatuko duen hausnarketa prozesuak herri ereduaren gogoeta partekatua bideratuko du eta balioko du proiektu estrategikoak irudikatzeko ere.

Martxan jarritako egitasmorekin herritarren partaidetza sustatu eta harremanetarako beste eredu bat sortu nahi dutela nabarmendu du Gorka Murua alkateak. «Diagnostiko batetik abiatzen gara. Azken 20 urtetan izugarri hazi da Irura eta horrek ondorio batzuk utzi ditu. Bertan bizi diren askok ez dute bere herri bezala sentitzen Irura eta ez dute herrian antolatzen diren ekimenetan parte hartzen». Prozesuarekin, honenbestez, honelako galderei erantzuna ematen saiatuko direla aipatu du alkateak: «Zer nahi dugu Irurarako? Zer nolako erronkak ditu Irurak etorkizunean? Zeintzuk dira herriaren beharrak? Herri bizitza handitzeko zer egin behar dugu?».

Parte hartze prozesua behar den parametroetan gauzatzen ari dela ziurtatzeko eta jarraipena egiteko talde eragile bat osatu dute, non Emuneko teknikariekin batera, udalekoek ere parte hartzen duten. Irurako hautetsiek eta hainbat eragiletako ordezkariek osatzen dute prozesua gidatuko duen zortzikotea. «Ahalik eta talde anitzena osatzen saiatu gara, jubilatu elkartekoak, gazte asanbladakoak eta ikastolako ordezkariak daude tartean», esan du Muruak.

BILERA MAIATZAREN 16AN

Talde eragilekoek egin duten diagnostikoa Irurara bizitzera etorri direnen ikuspegiarekin osatu nahi dute. Horretarako, asteotan, taldekako elkarrizketak egiten ari dira Emuneko teknikariak eta hiru multzo nagusitan banatu dituzte herritar horiek: jatorriz beste herrialde batekoak direnak; herritik kanpoko ikastetxe batera euren seme-alaba daramatenak; eta seme-alabarik gabekoak.

Alkatearen esanetan herriko ikastetxeetan dabiltzan umeek errazago hartzen dute parte udaletik eskaintzen diren zerbitzuetan. «Gure herri proiektuarentzat ezinbestekoa da umeak herriko ikastetxean matrikulatzea, horrek bermatzen baitu txiki-txikitatik herritarrek herriko dinamiketan parte hartzea», aipatu du alkateak.

Prozesu osoan bi saio ireki egitea proposatzen dute eta lehenengoa maiatzaren 16an egingo dute, udaletxeko ganbaran, 18:00etatik aurrera. Talde eragilean egindako diagnostikoa, elkarrizketetan jasotako gakoekin osatu eta etorkizuna irudikatzeko saiakera egingo dute. Herritar guztientzako zabalik egongo den bilera dela aipatu dute udal ordezkariek.

Oraindik data zehaztuta ez daukaten arren, parte hartze prozesuaren barruan bigarren lan saio irekia egingo dute aurrerago. «Irurarrek irudikatutako herri horretara gerturatzeko hainbat erronka zehaztuko dira bigarren bileran eta lehentasunak identifikatu eta dinamika bat adosten saiatuko gara», esan du alkateak.

Saioak eta bilerak amaitu ostean idatziko dute Irurako 2024-2034 Plan Estrategikoaren txostena. Uztailerako erredakzioa amaituta egotea aurreikusten dute eta txosten horretan geratuko da jasota aurrera begirako ekintza plana. «Hausnarketa honen helburuetako bat ere bada irurar berriei egingo zaien harrerak nolakoa izan behar duen zehaztea. Lehen unetik harrera egoki bat egiteko kontuan hartu beharrekoak identifikatzen lagunduko digu prozesuak, horrek ekarriko baitu gero elkarbizitza oparoa. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio saila ari da eskualdeko harrera protokoloa diseinatzen eta gero herrioi egokituko zaigu geurera egokitzea. Harrera hori ez bakarrik instituzionala, herritarra izatea ere nahi genuke».

Saio irekietan herritarrek parte hartzeko deia luzatu du alkateak. Parte hartze prozesuarekin, herriarekiko atxikimendua indartu eta partaidetzaren aldeko heziketa, sentsibilizazioa eta prestakuntza bultzatu nahi dute. Modu horretara espero dute Irurako bizitzan herritarrek parte hartzeko duten gaitasuna handitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!