Aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak egiteko aukera

Ataria 2024ko maiatzaren 8a

Maiatzaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak; 30.000 euro jarri ditu udalak herritarren eskura.

Irurako Udalak 2024ko aurrekontuan 30.000 euro gorde ditu herritarrek proposatutako proiektuak gauzatzeko. 16 urtetik gorako herritarrek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak maiatzaren 20ra arte. Udaleko bulego teknikoak proposamenen bideragarritasuna aztertu ondoren, bozketa txandara pasako dira hautatutako egitasmoak.

Luzatutako proposamenek interes publikoari erantzun beharko diote eta udalaren eskumenaren barruan egon beharko dute. Horrekin batera, inbertsio motako proposamenak izan beharko dute, teknikoki bideragarriak eta aurreikusitako 30.000 euroko kopuruarekin bateragarriak. Udaletxeko harrera bulegoan, Ostatuko postontzian, Irura.eus webgunean eta Irurako aplikazioaren parte hartze atalean aurkeztu ahal izango dira proposamenak.

EKAINEAN BOZKETA TXANDA

Udaleko bulego teknikoak proposatutako proiektuen bideragarritasuna aztertu ondoren, ekainaren 11tik 16ra egokienaren alde bozkatzeko aukera izango dute herritarrek.

Iaz sei proiektu pasa ziren bozketa txandara eta %31ko babesarekin, Ibaigain pasealekuan argiztapen jasangarriaren alde egin zuten herritarrek. Udalak jakinarazi du hemendik gutxira hasiko dituztela argiztapena jartzeko lanak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!