Zaintza arloa aztertzeko beka deitu dute

Jon Miranda Labaien 2024ko api. 25a, 08:16

Iruran Greba Orokor Feministaren harira plazan egindako elkarretaratzea.

Hilabeteko epea zabaldu dute Irurako udaletxean beka proiektuak aurkezteko; 5.000 euroko saria izango du bekadunak.

Irurako Udalak joan den martxoaren 21eko ez ohiko osoko bilkuran, ikerketa beka bat egiteko erabakia hartu zuen, herrian gaur egun zaintzaren arloa aztertu eta etorkizunera begira eraiki nahi den zaintza eredua definitzeko.

Beka honen bitartez Iruran zaintzari dagokionez herritar orok eskura dituen udal mailako baliabideak deskribatu eta hauen erabilerari buruzko analisia egingo dute. Iruran udal egituratik harago dauden baliabideen deskribapena ere egingo dute eta zaintza arloan irurarrek egun dituzten beharren analisia egin. Horretarako genero ikuspegia aplikatuko dute eta herritarrek dituzten bizipenak eta esperientziak jasoko dira. Zaintza arloan berezkoak diren dimentsioak identifikatuz, etorkizunean egongo diren behar nagusien definizioa egin nahi dute bekarekin.

Herrian zaintza sistema egituratzen duten dimentsio guztiak aztertu eta hemendik abiatuta etorkizunera begira egongo diren beharrak aurreikusi eta guzti hauei erantzuteko, «eredu komunitario, sostengarri eta feminista» eraikitzeko oinarriak finkatu nahi ditu udalak. Beka deialdiaren xedeetan udalak aipatzen duenez, «urte hauetan agerian geratu da indarrean dagoen zaintza sistemaren ahultasuna eta horrek gure gertukoen zein ingurukoen bizitzetan duen eragina». Horregatik, udalak kontsideratzen du beharrezkoa dela pausa bat egin, testuingurua aztertu eta etorkizunera begira zaintza eredu bat eraiki ahal izateko estrategia pentsatzen hastea. Horretarako balioko du azterketak.

Bekaren zenbatekoa 5.000 eurokoa izango da eta norbanakoek nahiz horretarako osatutako lan taldeek jaso ahal izango dute. Lana nola burutuko den azalduz proiektua aurkeztu beharko da ahalik eta zehatzen, eta gehienez, 15 orrialdetan. Hilabeteko epea izango dute interesatuek egitasmoa udaletxe sarrerako erregistro ofizialean aurkezteko. Udaletxeko erregistro elektronikoan, online ere aurkeztu ahal izango da proiektua.

Irurako Gizarte Zerbitzuetako arduradun politiko eta teknikoek, Berdintasun arloko zinegotziak eta idazkari kontu-hartzaileak osatuko dute beka nori esleitu erabakitzeko epaimahaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!