Finalerdietaraino iritsi da John Cabang

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 4a, 19:09

Atleta irurarra pista estaliko Munduko Txapelketan lehiatu da Filipinetako selekzioarekin 60 metro hesietan.

Pista estaliko Munduko Txapelketak jokatu da asteburuan Glasgown (Eskozia), eta John Cabang irurarrak 60 metroko hesidunetako proban parte hartu du, Filipinetako selekzioarekin. Cabangek bere helburua bete du eta finalerdietan parte hartzeko aukera izan du. 

Kanporaketetan 42 atletek parte hartu zuten sei lasterketatan banatuta, eta Cabang hirugarren lasterketan aritu da. Horietatik guztietatik 24 sailkatu ziren finalerdietarako, eta irurarrak 22. denbora onena egin du. Hala ere, azken postuan sailkatu zen finalerdietarako. Izan ere, lasterketa bakoitzeko hiru lasterkari onenak eta gainerakoen artean denbora onena egiten zuten beste sei sailkatu ziren, eta Cabangena izan zen denbora txarrena horien artean, 7,72 eginez eta bere kanporaketan laugarren sailkatuz.

Finalerdietan hirugarren txandan parte hartu zuen irurarrak, eta bosgarren postuan amaitu zuen, 7,68ko marka eginez. Bere txandako lehenengo biak sailkatu ziren postuen bidez, tartean Grant Holloway estatubatuarra, gerora munduko txapelduna izan zena, eta hirugarren sailkatua denborarengatik pasa zen finalera: Lorenzo Ndele Simonelli italiarra, 7,48ko denbora eginez. Simonellik zilarrezko domina lortu zuen finalean, Italiako marka onena eginez 7,43rekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!