Irurako udaletxe eraberritua inauguratu dute

Ataria 2024ko mar. 4a, 11:58

Ostiral iluntzean herritarrek udaletxea barrutik ikusteko aukera izan zuten, baita haur eskola gainean eragileentzako atondu duten espazioa ere.

Iruran parte hartze prozesu zabal baten bidez diseinatu zuten udaletxe berria izango zena eta joan den ostiralean azken emaitza bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek. Bisitaldiaren ondoren, mokadutxoa jateko aukera izan zuten goiko solairuan atondu duten erabilera anitzetarako aretoan.

Herriko hiru eraikinei zein erabilera eman erabakitzeko Irurako Udalak parte hartze prozesua jarri zuen martxan 2020 inguruan. Lehen Zaharren Biltokian zen tokian herriko ostatua zabaltzea erabaki zuten herritarrek, eta aldi berean, eragileentzako bilgune bat prestatzea haur eskolaren gaineko espazioan.

Irurako Ostatua zabaldu berri dute, eta aurreko ostiralean, martxoaren 1ean herritarrek eragileentzako bilgunea ezagutzeko aukera izan zuten. Bide batez, parte hartze prozesu horretan, herritarrek udaletxea eraberritzea ere erabaki zuten. Lanak amaituta herritarrek eraikina bisitatzeko aukera izan zuten ostiralean. Irisgarritasun eta efizientzia energetikoaren inguruko irizpideak betetzen ditu udaletxe eraberrituak.

Beheko solairuan herritarrei harrera egiteko bulegoak prestatu dira, eta lehen solairuan, berriz, hainbat udal bulego eta pleno aretoa atondu dira. Udaletxe berrian, bigarren solairuan kokatuko dira hainbat udal zerbitzu eta goiko partean erabilera anitzetarako areto bat prestatu dute.

Bertan mokadutxo bat probatzeko aukera izan zuten, eragileentzako lokala eta udaletxe berritua bisitatzera gerturatu ziren herritarrek.

Parte hartzearen garrantzia

Gorka Murua alkateak herriko eraikinen inguruko parte hartze prozesuan parte hartu duten herritarrentzat esker hitzak izan zituen ostiralean, «denon artean hartutako erabakiek beste zilegitasun bat dute». Alkateak uste du parte hartzea dela erabakiak hartzeko modurik «onena» eta berretsi du aurrera begira jorratu beharreko politiken iparrorratza izan behar duela.

Herritarrei gonbidapena luzatu die Muruak proiektu estrategikoen inguruan aurrerantzean egingo diren prozesuetan parte hartzeko eta herriko txikienekin parte hartzearen kultura sustatzeko konpromisoa hartu du.

Udaletxea eraberritzeko proiektua diseinatzen aritu diren Xabier Barrutieta eta Iñigo Sarobe arkitektoei, eta udaletxeko aparejadoreari Iñaki Arregiri ere eskerrak eman dizkie Muruak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!