John Cabang, Munduko Txapelketako finalerdietan

Ataria 2024ko martxoaren 2a

Pista estaliko Munduko Txapelketak jokatzen ari dira Glasgown (Eskozia), eta irurarra goizean aritu da 60 metroko hesidunetako kanporaketetan, Filipinetako selekzioarekin. 20:10ean hasiko dira finalerdietako lasterketak.

42 atletek parte hartu dute sei lasterketatan banatuta, eta Cabang hirugarren lasterketan aritu da. Horietatik guztietatik 24 sailkatu dira finalerdietarako, eta irurarrak 22. denbora onena egin du. Hala ere, azken postuan sailkatu da finalerdietarako. Izan ere, lasterketa bakoitzeko hiru lasterkari onenak eta gainerakoen artean denbora onena egiten zuten beste sei sailkatu dira, eta Cabangena izan da denbora txarrena horien artean; laugarren sailkatu da bere kanporaketan.

20:10ean hasiko dira finalerdietako lasterketak, eta irurarra hirugarren eta azken seriean ariko da (20:25 aldera). Zortzigarren kalean egingo du lasterka eta berarekin batera, urrezko domina irabazteko faborito nagusia ariko da: Grant Holloway estatubatuarra. Lorenzo Ndele Simonelli italiarra eta Jakub Szymanski poloniarra dira hirugarren lasterketan ariko direnen artean nabarmentzeko beste bi izen. Zortzi lasterkari sailkatuko dira finalera: kanporaketa bakoitzeko bi lasterkari azkarrenak eta gainerakoen artean denbora onena egiten duten biak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!