N-1erako sarbide berrien inguruko azterketa egiteko konpromisoa hartu du aldundiak

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 15a, 12:29

Soinuaren aurkako panelak jartzea eta N-1erako sarbide berriak egitea eskatu du Irurako Udalak.

Irurako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Saileko kideekin zen otsailaren 1ean. Bi gai nagusi landu zituzten bertan: N-1ean soinuaren aurkako panelak jartzea, eta N-1erako sarbide berriak egitea. Bi kontu hauek aztertzeko konpromisoa azaldu zuen Maria Ubarretxena foru diputatuak.

Soinuaren aurkako panelei dagokienez, urte luzetako aldarrikapena berretsi zuen udalak aldundian. Herri txikiek duten desabantaila azpimarratu zuen bileran Gorka Murua alkateak: «Izan ere, panelak jartzeko garaian hainbat aldagai hartzen dute kontuan eta haietako bat biztanle dentsitatea da. Herri txikiok ez dugu aldagai hori betetzen. N-1aren alboan bizi direnen arazoa konpontzea zailtzen digu horrek. Herri txikion desabantaila horren jakitun direla erantzun ziguten, eta Irurako arazoa aztertzeko konpromisoa hartu».

N-1eko sarbide berriei dagokienez, beste konpromiso bat hartu zuten aldundiko ordezkariek. «Irurako herriguneak trafiko ikaragarria jasaten du egunero. Anoetara, Alkizara, Tolosara eta bereziki industria-gunera doazen ibilgailuek herrigunea zeharkatzen dute. Kutsadura, soinua, eta istripuak izateko arriskua areagotu egiten ditu egoera horrek. N-1ari sarbide berriak eginez asko arinduko litzateke arazo hori. Hori ere aztertzeko konpromisoa hartu du aldundiak”, esan du Muruak.

Udazken aldera bilduko da Irurako Udala, berriz ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bi gai hauen jarraipen estua egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!