«Noiz etorriko da ama?». Aitari Ekainek egindako galdera da amaren hiletatik bueltan, eta Manex Beristainen (Azpeitia, 1977) ustez semeak egin zion galderak mugarri bat ezarri zuen dolu prozesuan. «Beste erremediorik ez nuen izan, esan behar izan nion ez zela gehiago etorriko. Uste dut hor hasi zela doluaren lanketa, hor hasi ginela ikasten nola bizi ama gabe. Beste modu batera kokatu genuen geure bizitzetan eta aldi berri bati ekin genion». Erresilientziaren aldeko aldarri hori, Azken galdera amari (Denonartean, 2023) ipuinera eraman du orain eta herriz herri dabil liburua aurkezten. Tolosako Laskorain ikastolan eta Larraulgo udal liburutegian egon ondoren, bihar arituko da Iruran eta otsailaren 2an Zizurkilen.
Lan honekin errealitate bati hitza jarri nahi izan dio Beristainek eta haurrei dolu prozesuetan laguntzeko erreminta bat eskaini. «Lasai asko hitz egiten dute umeek heriotzaz. Ez bada senitartekoren bat hiltzen, aldameneko bizilaguna edo etxeko txakurra da. Errealitate hori hor dagoela sumatzen dute eta galdera naturalak egiten dituzte heriotzaren inguruan. Helduok gara geure buruari heriotza ezkutatu nahi izaten diogunak, aitatzen ez dena existituko ez balitz bezala jokatzen dugunak. Haurrak babesteko aitzakia jartzen dugu, baina gehienetan gure minak, ezinak eta beldurrak dira ezkutatu nahi izaten ditugunak».
Askotariko galderak
Ekainek zazpi urteotan egin dizkion galderetan oinarrituta idatzi du Beristainek Azken galdera amari. Ama galdu zuenean bi urte eta erdi baino ez zituen, baina kontakizuneko protagonista den Ekainek bost urte ditu . Egokitzapen hori egin nahi izan du egileak ipuinari zentzu handiagoa emateko.
Ipuinaren hasieran Ekain bera agertzen da aitaren laguntzaz ipuina idazten. Ama gaixo jarri zeneko garaitik hil arte pasa ziren bi urteak kontatzen ditu. «Autobiografia moduko bat da. Gaixotasuna, heriotza, hileta eta ondorengo dolu prozesua azaltzen ditu. Tarte horretan, amarekin ametsa edukitzen du Ekainek, eta niri dolu prozesuan egin zizkidaten galderak egiten dizkio. Banan banan erantzuten dizkio amak. Azkeneko bi ataletan, berriz, ikusten da umeak nola heltzen dion berriro bizitzari. Nahiz eta ipuina gordina izan mezu positibo hori eman nahi nuen, adierazi nahi nuelako posible dela berriro bizitzarekin konektatzea», azpimarratu du Beristainek.
Egileak gai askori erreparatzen dio ipuinaren bitartez: «Minbiziarenari, adibidez; Inurri bezalako elkarteen lanari esker gaur egun entzunagoa da gaitza, baina gure kasuan, Mirari gaixo jarri zenean, ez genuen hitz hori erabili nahi izan zeukan kargagatik». Kapituluz kapitulu Beristainek zaintzaren gaia, edo agurraren momentua aipatzen ditu. «Dolua ez da lineala. Bi pauso aurrera eta beste bat atzera ematen ditugu. Uste dut atzerako pauso horietan ere onartu behar diogula geure buruari lur jota egoteko baimena. Emozio horietan atzera eta aurrera ibili gaitezke baina gakoa da kateatuta ez gelditzea, eta geure buruei emozio horiei guztiei lekua egiten jakitea, baita hanka sartzeei ere».
Ipuinarekin batera QR kode batean, hausnarketa hauek guztiak laguntzeko tresnak jaso ditu Beristainek, eta aldi berean, heriotza eta dolua gainditzeko dinamikak ere bai. «Azken batean, ipuina bera, dolu prozesu baten emaitza da. Ekainek egiten zizkidan galdera horiei ireki zuten bidea. Bide gogorra baina aldi berean aberatsa izan da. Duela zazpi urte bizitzak kolpe hori eman zigun eta aukera baliatu beste aukerarik ez dugu izan».
Mirari Sagarzazuk egin ditu ipuinaren ilustrazioak eta Beristainek dio elkarlan hori ikaskuntza handi bat izan dela, bidaia polita. «Oso ondo asmatu du nik buruan nuen iruditeri hori ematen eta liburuak beharrezkoa zuen atmosfera sortzen».
Dolua lantzeko tresna
Ipuina, duela hiru urte, ia gau bakar batean idatzi zuen Beristainek. Tarte honetan, ipuina fintzen joan da, eta besteak beste, Uxue Alberdiren laguntza jaso du ikuspegi literariotik. «Irakaslea izan naiz eta orain psikomotrizista bezala nabil. Ipuina beti erabili izan dut nire lanerako eta kontagintzaren inguruko formazioa ere jaso izan dut. Intereseko gaiak izan ditut beti ipuin kontaketa, gorputz adierazpena, haur literatura... eta gainera, konturatu naiz jendearekin komunikatzeko bide hori dela nire dohainetako bat».
Ipuina kaleratzearekin batera ibilbide bat hasi nahi du azpeitiarrak. Ipuinak horretarako bide ematen duela iruditzen zaio. Herriz herri ipuinaren aurkezpenak egitearekin batera, ikastetxeetan dabil eta Euskal Herritik kanpora ere eskaini nahi ditu saioak haurrekin dolua nola landu azaltzeko. Aurki izango du prest ipuinaren gaztelaniazko bertsioa.
Joan den urriaren 27an Azpeitian aurkeztu zuten liburua eta ekitaldi hura bere bikote zenari omenaldi bat egiteko baliatu zuten. Ikuskizun osoa izan zen eta dantza, clown-a, antzerkia, musika eta denetarik egon zen. Orain formatu txikiagoan dabil herriz herri: «Atalez atal aurkezten dut ipuina eta horretarako beste euskarri batzuk erabiltzen ditut. Kanta bat, Mirariri lagunek idatzitako bertsoa edota testuen irakurketak baliatzen ditut. Beste kapitulu bat, adibidez, Mirari eta Ekain izenarekin lagun batek egindako txotxongiloekin aurkezten dut».
Beristainen esanetan, barruak mugitzen dituen emanaldi bat da eta norberak oso bidaia pertsonala egiten du saioetako bakoitzean. Orioko aurkezpenean gertatu zitzaionarekin akordatu da. Bikotea minbiziarekin duela hiru hilabete galdu zuen aita bat gerturatu zitzaion eskerrak ematera. «Ni duela zazpi urte horrela nengoen, lur jota, eta pozten naiz gizonezko horrek ikusi zuelako badagoela hortik ateratzea eta bizitzari, berriz, ilusioz heltzea. Gogorra bada ere, zerbaiti lekua egiten hasten gatzaizkionean hasten gara min hori sendatzen». Jende askorentzat, bide hau lagungarri izan daitekeenaren konbentzimenduz arituko da Beristain bihar, Irurako herri eskolako aretoan, 18:00etatik aurrera.