Autozaintzaz gogoeta egiteko amentzako tailerra antolatu dute

Jon Miranda Labaien 2023ko abe. 7a, 11:59

Irurako Berdintasun sailak 10 saioko tailer bat antolatu du ama izan direnek euren buruaren zaintzan sakontzeko; Lara Lopez Ansorena psikologoak gidatuko ditu saioak.

Irurako Udaleko Berdintasun sailak legealdi berrian zaintzaren gaiari helduko dio. Mugimendu feministak eskatuta 2024an herriko zaintza sistemaren diagnostikoa egingo dute eta ateratako ondorioak aintzat hartuz, ekintza plan bat diseinatuko dute herrian. Bien bitartean, ordea, gai honetan sakondu nahi dutela aipatu du Noelia Lataburu Berdintasun zinegotziak eta horregatik, urtearen hondarrean, amei zuzendutako tailer bat antolatu dute, «euren buruaren zaintzan eta autozaintzan sakontzeko». 

Dozena erdi emakumek eman dute izena tailerrean, baina oraindik ere zabalik dago izen ematea. «Ama izan berri direnek edo seme-alaba koskortuagoa dutenek eman dezakete izena, ez dugu horretan mugarik jarri», esan du Lataburuk. Interesa dutenek 943 69 13 33 udaleko telefonora hots egin dezakete edo mezua bidali berdintasuna@irura.eus helbidera. Guztiekin, bilera ireki bat egingo dute abenduaren 15ean, 18:30ean Irurako gela borobilean, tailerraren nondik norakoaz elkarrekin hitz egiteko.

Dinamika parte hartzailea
Tailerra gidatzeaz arduratuko den Lara Lopez Ansorena (Tolosa, 1982) psikologoak izen ematera animatu ditu Irurako emakumeak: «Gaur egun dauzkagun betebehar guztiekin eta daramagun erritmo zoroarekin, horrelako espazio batek eskaintzen duen sosegua emakume askorentzat onuragarria izan daiteke». Hain zuzen, psikologoak esan duenez espazio seguru eta konfiantzazkoa sortu nahi dute, «inongo epaiketarik gabea».   

Hamar saio dauzkate aurreikusita eta ordu eta erdiko iraupena izango du saio horietako bakoitzak. «Guztien artean adostu nahi nituzke gaiak, baina dinamikak gorputzetik abiatzea proposatuko diet; erlaxatuz, mindfulness pixka bat eginez. Iruditzen zait amatasunean gure gorputzarekin askatasun falta handia izaten dugula, ez dugula astirik izaten gure gorputza zaintzeko. Tentsioak askatu eta geure barruan begirada jartzen saiatu nahi nuke». 

Lopez Ansorenak dio arreta jarri beharra dagoela osasun mental perinatalean. «Zaurgarrien dauden momentuan sentitzen dute bakardade handiena hainbat emakumek. Uste dut gizartean era askotako dispositiboak sortu beharko liratekeela ama horiek dituzten beharrak asetzeko». Psikologo tolosarrak, Maria Altuna Lizarraga ilustratzaile zizurkildarrarekin batera Aiama, mantazpiko kontutxoak liburua sortu du, hain justu, gai horiek guztiak mahai gainean jartzeko. 

«Askotan ardura guztia emakumearengan edo asko jota familia sistema mugatu horretan jartzen da, baina ume bat hezteko tribu oso bat behar dela dioen esaera afrikarrarekin bat nator ni», esan du Lopez de Ansorenak. Azpimarra berezia egin du amatasunaren inguruan dagoen iruditeriak ekartzen duen kaltean: «Anbibalentzia emozional handiko momentua da erditze ondokoa. Tristura, dolua, amorrua, pena, beldurra edota antsietatea sentitzen ditugu maiz, eta emozio horiek estigma sozial handikoak dira. Amatasunaren errepresentazio bakar bat ematen da, ama zoriontsuarena, dena ondo egiten duenarena, baina badakigu hori ez dela horrela». 

Iruran eskainiko dituzten tailerretan emozio horiek normalizatu eta ase gabe dauden behar horietan jarriko dute arreta, Lopez Ansorenaren ustez, oinarrizkoenak diren beharrak ere ezin bete geratzen baitira maiz, bereziki, erditze ondoko momentuetan. «Haustura handiko uneak dira. Dinamika asko eten egiten dira, lagunekin geneuzkanak adibidez, eta osasuntsu egoteko oreka handiak egin behar izaten ditugu. Emakume bezala, amatasunaz harago nola elikatu gaitezkeen aztertzeko espazio komun bat izango da tailerra. Elkarrekin egingo dugu bidea».

Dinamika parte hartzaileak egingo dituzte, hortaz, Irurako saioetan. Lehen bilerara ume eta guzti gerturatzeko aukera dagoela gogorarazi du Lataburuk: «Umeen zaintzaz ari gara eta baita gure buruaren zaintzaz ere. Problematizatu nahi duguna hori bada, kontraesankorra litzateke inor kanpoan geratzea umea zaindu behar duelako eta gerturatzeko astirik ez duelako».

Beraz, interesa duten emakume guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera eta abenduaren 15eko bilerara gerturatzera. «Nahiko nuke emakume hauek hasi baino hobeto bukatzea ikasturtea. Askeago, indartsuago eta ahaldunduago. Ez bakarrik amatasunean, beste esparruetan ere gaitasun gehiago dauzkatela sentituko balute hamar saioak pasata, zoragarria izango litzateke», esan du Lopez Ansorenak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!