A30 Greba Feminista Orokorra

Jendetza elkartu da Irurako plazan

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko azaroaren 30a

Irura Moretuz talde feministak deituta, elkarretaratzea egin dute plazan, zaintza gizarte osoaren ardura dela aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba deialdiarekin bat egin dute eguerdian dozenaka irurarrek. Irura Moretuz talde feministak deituta, elkarretaratzea egin dute plazan. «Gaurko greba deialdia ez da helburu bat, helburu bat lortzeko tresna bat baizik», adierazi du Edurne Ayuso Irura Moretuz taldeko kideak. «Emakumeoi dagokigu zaintza, baina zama hori gizarte osoaren ardura da», gaineratu du.

Halaber, Ayusok dei egin die irurarrei 18:00etan Tolosako Trianguloa plazan egingo den eskualde mailako mobilizazioarekin bat egin dezaten, «gaurko helburua zaintzaren arazoa mahai gainera eramatea delako».

Azkenik, gogoan izan dituzte elkarretaratzean egon ezin izan duten herritarrak, emakumeak zein gizonak. «Badakigu askok greba deialdiarekin bat egin nahi zutela, baina ezinezkoa dutela lan kontratuengatik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!