Iruratik Lliça d’Amuntera bisitan

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 15a, 11:59

Irurako Onintza abesbatzak trukea egin du Herrialde Katalanetako Lliça d’Amunt herriko abesbatzarekin; maiatzean egon ziren katalanak Iruran eta urri bukaeran egin dute han egonaldi laburra irurarrek.

Herrialde Katalanetan baloratzen dute euskal kultura. Horrela uste dute Irurako Onintza abesbatzako kideek. Urri amaieran hiru eguneko egonaldia egin zuten Lliça d’Amunt herrian eta harrera «ezin hobea» egin zietela azpimarratu dute bertara joandakoek. «Oso esperientzia ona izan da, errepikatzeko modukoa», esan du Nerea Mendizabal abesbatzako kideak.

Onintzako hamar kidek egin zuten hiru eguneko bidaia Kataluniara eta egonaldia bazterrak ezagutzeko baliatu zuten. Besteak beste, Bartzelonako Familia Santuaren tenplua eta Palau de la Musica delakoa ezagutu zituzten Kataluniako lagunen eskutik. Larunbatarekin Lliça d’Amunteko elizan eskaini zuten emanaldia. Aurtengo sanmigeletan eskainitako kontzerturako prestatutako errepertorioa moldatu eta kantu berriak ere eskaini zituzten.

Besteak beste, Rossinyol abesti tradizionala eta Joan Manuel Serratek La, la, la kantuaren katalanezko bertsioa eman zituzten irurarrek. «Hango lagunek ez zuten horrelakorik espero eta oso hunkigarria izan zen. Ez nuke esango inoiz eman dugun kontzerturik onena izan zenik, baina esan dezakegu oholtza gainean oso-oso eroso sentitu ginela, berezia izan zen saioa», esan du Mendizabalek. Amaitzeko, Lliça d’Amunteko abesbatzako kideekin batera Isil-isilik dago kantatzeko aukera izan zuten.

Ez da orain-oraingoa irurarrek katalanekin duten harremana. Abesbatzako kide den Marimi Ugaldek azaldu du nola egin zuten elkarren ezaguera: «Canovelles herriko lagunen bitartez izan zen. Duela urte batzuk haiekin egina genuen dantza taldeen arteko elkar trukea eta haiek jarri ziguten Lliça d’Amuntekoen arrastoan, hauek ere dantzari trebeak baitira. Harremana egin eta 2022ko sanmigeletan etorri ziren hango dantzariak. Bisitatu gintuzten hartan komentatu ziguten haiek ere abesbatza zutela herrian eta horren aitzakian beste truke bat egin genezakeela bururatu zitzaigun». Lliça d’Amunteko kantariak aurtengo maiatza kulturalean etorri ziren kantu emanaldi bat eskaintzera eta duela aste gutxi itzuli diete bisita irurarrek.

Trukea aberasgarri

Onintza abesbatzak emanaldi gutxi batzuk eskaintzen ditu urtean zehar: maiatza kulturaleko eta festetako emanaldiez gainera, Eguberrietan kontzertu bat eta San Joan bezperan beste saio bat eskaintzen dute herrian. «Gure tankerako beste abesbatzekin truke gehiago egiteko aukera aztertu nahi dugu hemendik aurrera, beti delako aberasgarria elkar ezagutza izate hori», dio Mendizabalek. 

Josune Intsaustik egiten ditu zuzendari lanak Onintza abesbatzan. «Izugarrizko lanak hartzen ditu kantuak moldatzen eta errepertorioak antolatzen», esan dute bere taldekideek Intsaustigatik. Lagun taldea direla dio zuzendariak, baina lana «serio» egiten dutela eta abesbatzak ondo funtzionatu dezan, ondoan eginkizun jakinak dituzten beste hainbat kide dituela azpimarratu du.

Astean behin egiten dituzte entseguak. «Elizan kantatu izan duen jendea badago, kanturako afizioa duena, baina ibilitakoak pare bat baino ez dira izango. Nire lana dauzkagun ahots horiei ahalik eta etekin handiena ateratzea da», esan du Intsaustik. Ez dute lorpen txikia egin Onintza abesbatzakoek. Euren ibilbidean 15 hizkuntza baino gehiagotan kantatu dituzte abestiak: euskaraz, noski, baina baita hebreeraz edota swahiliz.

Gaur egun 18 kide inguruk hartzen du parte abesbatzan eta kideek jende gehiago nahiko lukete taldean. 45 urtetik 83 urte bitarteko herritarrak aritzen dira eta «belaunaldiartekotasuna» da taldearen ezaugarrietako bat. «Adin ezberdineko jendea elkarrekin aritzea oso gauza polita da», Mendizabalen esanetan.

Eguzki Goxo izenarekin sortu arren, badira urte batzuk Onintza izena erabiltzen dutela. Ugaldek azaldu du: «Patxiku Pagadizabal herritarraren omenez aukeratu genuen izena. Kronista bezala ibiltzen zen eta Onintza ezizena erabiltzen zuen bere idatzietan». Katalunian izan duten esperientziatik abiatuta gonbita egin diete herritarrei abesbatzara animatu daitezen. Umorez esan du Intsaustik: «Hemengo inork ez du erretiroa hartzeko asmorik, ez dugu erreleborik behar, abesbatza handitzea baizik». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!