Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

«Gizonezkook konpromiso zehatzak hartu beharko genituzke»

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 14a, 19:58

Azaroaren 23an 19:00etan, Irurako gela borobilean 'Eta gizonak zer? Maskulinitatearen lanketatik, indarkeria matxistei aurre egin' hitzaldia emango du Otxotorenak Irura Moretuz taldeak gonbidatuta.

Zeinentzako izan daiteke interesgarria zuk emango duzun hitzaldia?

Jendarte osoarentzat, gaiak jendarte osoari eragiten baitio. Zoritxarrez, protagonista gizonezkoak izaten gara eta hori ardatz hartuta gai ezberdinak jorratuko ditut hitzaldian.

Zer espero da gizonezkoez indarkeria matxistaren aurkako eguna bezalako hitzorduetan?

Jarrera bat agertu baino gehiago, gizonezkook egun hauek baliatu beharko genituzke kontzientzia handiagoa hartzeko. Egia da azkeneko hamarkadetan geroz eta presenteago dauzkagula indarkeria matxistak, eta horrek, nolabait, mezu bat bidaltzen digu gizonezkooi. Zer egin genezake? Nolakoa izan beharko luke gure paperak? Uste dut konpromiso zehatzak hartu beharko genituzkeela arazo latz honen aurrean.

Zer nolako konpromisoak?

Uste dut non begiratu badugula. Urteak daramatza mugimendu feministak gai honen inguruko lanketa egiten. Gizonezkook asko daukagu ikasteko. Hausnarketa eta lanketa horiez harago, bertan aipatzen direnak barneratzen egin behar dugu ahalegina. Hor dago, nagusiki, zailtasun handienetako bat. Diskurtsoarekin bat egitea erraza da, baina planteatzen zaizkigun baloreak gure egin eta balore horiek gure baitan barneratzea kosta egiten zaigu.

Indarkeria matxistak, askotarikoak dira. Gai al dira gizonezkoak indarkeria horiek identifikatzeko?

Uste dut oraindik ezetz. Kontzientzia maila ez dago hain presente gizonezkoongan. Berriki Europa mailan egindako ikerketa batean emandako datuak nahikoa kezkagarriak dira. Indarkeria matxistak oso errotuta daude gure artean, egiturazkoak dira, eta askotan ez gara jabetzen egiten ari garen hori erasoa izan daitekeenik. Gizonezkook, kontzientziaz aparte, konpromisoa agertu eta horrelako egoeren aurrean planto egin behar dugu. Whatsappeko talderen batean iritzi erabat sexistak egiten badira, adibidez, posizionatu eta ohartarazi behar genituzke ondoan dauzkagun gizonezkoak. Hor dago zailtasuna, korrontearen kontra joatea ez baita xamurra izaten eta gehienetan zigortu egiten baita. Baino berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzeaz ari garenean horretaz ari gara.

Maskulinitate eredu berriak lantzeak laguntzen al du indarkeria matxistari aurre egiten?

Bagoaz pixkana. Maskulinitate berriez hitz egiten da baina nik nahiago dut askotariko maskulinitateez hitz egin edo berdintasunaren aldeko gizonezkoez. Izan ere, maskulinitate berriak izan daitezke aldi berean matxistak.

Zein beste jarraibide hartu dezakete gizonezkoek indarkeria matxisten aurka posizionatzeko?

Gure jendartetan oso errotuta dagoen egitura sozial, kultural, politiko eta ekonomikoa da patriarkatua. Ez da egun batetik bestera eraldatuko, pausoz pauso egin beharko dugu, oinarriak ondo finkatuz. Epe ertain-luzerako lana da. Mugimendu feministak esandakoa, entzun, ikusi eta ikasi behar dugu. Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren harira, adibidez, deia gizonezkooi ere luzatu zaigu. Zaintzaren gaian hastapenetan baino ez gaude. Gure burua birkokatzeko aukera ematen digu deialdi horrek.

Geroz eta kontzientzia handiagoa dute gizonezkoek indarkeria matxistekin?

Gazteen alde egiten dut nik. Azkeneko urteetan egiten ari diren azterketek hobera egiten ari garela erakusten dute. Emakume eta gizon gazteak geroz eta kontzientzia handiagoa dute gai honen inguruan, nahiz eta batzuetan agertzen diren indarkeria matxista justifikatzeko diskurtsoak. Berdintasunarekiko konpromiso handiagoa dute belaunaldi berriek. Hori argi dago eta etsipen batean erortzea ez da modurik egokiena aurrerapausoak emateko. Askotan ardura guztia gazteengan jartzen dugu, baina ez dugu ahaztu behar helduak garela gazteak hezten ditugunak. Helduokin ere zerbait egin behar da.

Gizonezkoek gai hauen inguruan egiteko espazioak badituzte gaur egun?

Espazioak egon badaude, beste kontu bat da interesa ote dugun horietan parte hartzeko. Hori da konpromisoaren beste alde bat. Gizon talde ezberdinak dauzkagu Euskal Herrian, indar handiagoarekin edo txikiagorekin. Eraldaketa pausoz pauso eta egunero egin behar dugu gizonezkook. Egunerokoa dira indarkeria matxistak, beraz, haiei aurre egiteko lanak egunerokoa behar du izan. Badugu zeregina. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!