«Herri giroan jauzia emango dugu ostatua zabalduta»

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 12a, 07:57

2011-2015 agintaldian kultur zinegotzi eta alkateorde izan ondoren Gorka Murua Makusok (Irura, 1976) alkate karguan eman ditu azkeneko lau urteak. "Gustura" jardun duela dio eta "ilusioz" dago beste lau urteetan udaletik ekiteko.

Nola baloratzen dituzue udal hauteskundeetako emaitzak?

Uste dugu herritarrek aurreko urteetan egindako lana baloratu dutela. Oso gustura gaude emaitzekin, gure taldeak ordezkari bat gehiago dauka udalbatzan. EH Bilduren sei zinegotzietatik bi berriak dira, eta oposizioan ere beste hainbeste, hiru kideetatik bi dira berriak. Orain hasi gara elkar ezagutzen eta gure asmoa da oposizioarekin elkarlanean aritzea hurrengo lau urteetan.

Lau urte eman dituzu alkate gisa. Tamaina hartu diozu lanari?

Baietz esango nuke. Aurretik ezaguna nuen udala 2011-2015 legealdian ere zinegotzi izan nintzelako. Azkeneko lau urteetan alkatetzan egotea egokitu zait eta gustura aritu naiz. Ilusioz nago lan honetan jarraitzeko, nahiz eta jakin ardura handia dela eta herri txikiotan nahi adina lan egoten dela. Jardun osoz liberatuta jarraituko dut herriaren zerbitzura.

Aurreko agintaldian herritartasuna sustatzeko erronka jarri zenioten zeuen buruari.

Eta erronka horrekin jarraitzen dugu. Badakigu epe luzerako kontua dela. Erpin askotan eragin behar dugula iruditzen zaigu, izan ere, herri atsegina da Irura bizitzeko, baina baditu bere gabeziak ere. Alde batetik, hezkuntza mailan, asmoa dago sustatzeko herrian jaiotzen diren umeak bertako ikastetxean matrikulatzea, horrek suposatzen baitu txikitatik ume horiek herriarekin lotura edukitzea; bestetik, haur horiek, behin LH bukatuta, beste herrietara joaten dira ikastera eta gazte horiekin saioak antolatu nahi genituzke jabetu daitezen zeinen garrantzitsuak diren herrian, nola eragin dezaketen hurrengo belaunaldietan; kontziente gara, baita ere, herrian zerbitzuak edukitzea garrantzitsua dela eta norabide horretan denda bat zabaltzeko saiakeran gabiltza, iruditzen zaigulako salmenta puntu bat izateaz harago denda hauek gune garrantzitsua direla harreman sozialak egiteko. Uste dugu herriko ostatua berriro zabaltzeak asko lagunduko digula.

Zein garrantzia hartuko du herriarentzat ostatuan eskainiko den zerbitzuak?

Handia. Negozioa hori kudeatuko duenak ez du bere proiektua martxan jarriko, bere egin beharko du herritarrek bere garaian marraztu zuten proiektua. Eskaintza gastronomikoa izango du ostatuak, baina formatu txikiko kultur emanaldiak egiteko aukera ere emango du. Lokala prestatzen ari gara eta aurki bukatuko dira obrak. Urriaren 18ra arte proposamenak aurkezteko aukera izango dute ostatua kudeatzeko interesa dutenek. Espero dugu azaro erdialderako lizitazio horren ebazpena ematea eta abendurako zabaldu ahal izatea. Herri giroan jauzi bat emango dugu ostatua zabalduta.

Azpiegiturei dagokionez faltarik sumatzen al duzue?

Ez bereziki. Uste dut osatuta gaudela eraikinei dagokionez. Aurreko agintaldian herriko hiru eraikinen erabileraren inguruko parte hartze prozesua burutu genuen. Haur eskolaren gaineko gela egokitzea, Herriko Ostatua martxan jartzea eta udaletxea eraberritzea adostu zuten herritarrek.

Aurki bukatuko dituzue udaletxeko eraikina berritzeko lanak?

Bai. Datorren hilerako lanak amaituta egongo dira eta aldaketa handia izango da guretzako. Espazioari dagokionez irabazi dugu gehien, solairu bat erantsi baitzaio aurreko eraikinari eta atzealdetik ere zabaldu baita, besteak beste, eskailerak bertatik antolatzeko. Irisgarritasun arazoak bazituen aurreko udaletxeak eta konpondu ditugu. Iraunkortasunari dagokionez, teilatuan eguzki plakak jarri ditugu eta berokuntza sistema aerotermia bidez egingo dugu.

Energiaren arloan zein pauso emango dituzue?

Udaletxeko eraikinean ez ezik, Trinketean ere plaka batzuk jarri eta ibilgailu elektrikoentzako karga puntuak ipini genituen. Duela hilabete batzuk, aldundiarekin elkarlanean, energia komunitatea sortu genuen eta 60 familia inguruk osatzen dute. Abendurako martxan egon eta bazkideek Trinketeko instalazio horretan sortzen den energia erabiltzeko moduan izatea espero dugu.

Etxebizitza berririk egiteko asmorik baduzue?

2021ean azterlan bat egin genuen etxebizitzen egoera eta herritarren beharrak aztertzeko. Azterketak erakutsi zigun etxebizitza behar bat izango dugula Iruran hurrengo 15 urteei begira eta gazteen artean banatutako inkesta batek berretsi zigun gaur egun ere beharra egon badagoela. Irura herri txikia da eta espazio bakar bat dugu etxebizitzak eraikitzeko, Zabalgune 9 izenekoa. 2012ko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean 300 etxebizitza egitea aurreikusten da gune horretan, eta horietatik 90 izango lirateke babestuak. Iruran izan dugun esperientzia ikusita, eta duela urte batzuk izan zuen bat-bateko hazkundeari erreparatuta, tentuz egin nahi ditugu gauzak eta herriaren hazkundea barne eskaeraren arabera egin nahi dugu. Dagoeneko hitz egina dugu eremu horretako lur jabeekin eta aurrerantzean enpresa eraikitzaileekin ere jardun beharko dugu, garapena zein fasetan egin erabakitzeko. Prozesu luzeak izaten dira eta agintaldi osoa horretan eman beharko dugula iruditzen zait, eremu horren partzelazioa finkatzen eta faseak adosten.

Mugikortasunaren arloan azpimarratu dituzue herrian dituzuen zenbait gabezia.

Bai. Trafiko handiko errepideak zeharkatzen du gure herria eta horrek eragin handia du herritarrengan. Errepidearen bestaldean daude herriko zerbitzu nagusiak eta kezkatzen gaitu adin txikikoen autonomian egoera horrek duen eraginak. Gipuzkoako Foru Aldundian proposatu izan ditugu irtenbide batzuk baina oraindik ez dugu emaitzarik lortu. Gure esku dauden erremintak martxan jarriko ditugu eta agintaldi honetan oinezkoentzako espazio seguruagoak sortuko ditugu. Bide horretatik doa plaza ingurua soilik oinezkoentzat egokitzea eta bestetik Etxezarreta auzotik ikastolaraino joango den bidegorria. Lan horiek gure gain hartuko ditugu, baina bestaelde, Villabona eta Irura arteko bidegorriaren proiektua idazten ari da orain aldundia eta espero dugu epe ertain batean lan horiek aurrera eraman ahal izatea.

Herritar guztien ongizatea bilatzeko zein neurri hartuko dituzue gizarte zerbitzuen arloan?

Bai. Pentsatu behar dugu herrira bizitzera etortzen direnei harrera nola egin. Galdetu behar zaie Iruran bizitza egiten ez dutenei nola bizi duten egoera eta zein behar dituzten. Gure herria arnasgunea da euskararentzat eta iruditzen zaigu herritartasuna sustatzeko bideetako bat hizkuntza bera dela. Zaintza arloan ere ikusten dugu erronka badugula. Nahiz eta herri oso gaztea izan, zaindua izan behar duen jendea badago eta horien zaintzen aritzen diren pertsonak ere bai. Egoera zein den zehatz jakiteko azterketa bat egin nahi dugu eta beka deialdi baten bitartez egingo dugu. Informazio horretatik abiatuta, adineko pertsonen egoera hobetzeko proiektuak jartzea da gure asmoa, beti ere, ikuspegi feminista batetik zaintza eredua birpentsatzeko.

Herri gaztea da Irura. Haiei bideratutako zerbait egin asmo duzue?

Ludoteka eta gazteleku zerbitzuak martxan ditugu herrian eta oso ondo funtzionatzen dute. Udalok geroz eta eskumen gehiago jasotzen dugu eta haur eta nerabeen arreta ere guregain geratzen da. Herri txikiak izanik norbera bere kabuz baliabideak jartzeko zailtasunak izaten ditugu, beraz, erabaki dugu Anoetarekin batera proiektu bat martxan jartzea. Harreman naturalak daude bi herrion artean eta diziplinarteko talde bat osatu nahi dugu haur eta nerabeekin dauzkagun esku hartzeetan laguntzeko. Urtea amaitu baino lehen lizitazioa atera eta taldea sortzea espero dugu, bi herriotan ditugun beharrei erantzun ahal izateko.

Kultura Mahaia jarri duzue martxan azkeneko agintaldian. Apustu horrekin asmatu duzuela uste duzu?

Bai, erabat. Oso-oso gustura gaude. Azken lau urteotan bi elkarte sortu dira, Irura Bizi eta Irura Moretuz, eta oraindik ere gehiago aberastu da mahaia. Gazte asanblada, pilota elkartea, erretiratuen elkartea, irakurle taldea... denak elkartu eta Irura biziberritzea dugu helburu. Aurrera begira pentsatzen dugu fruitu gehiago emango dituela mahai honek.

Herritarrei zer esango zenieke?

Saiatzen gara herritarrekin harreman zuzena edukitzen eta horretarako bitartekoak jartzen ditugu. Batzarrak antolatzen ditugu eta udalaren aplikazioa ere eskura dute herritarrek gurekin harremanetan jartzeko. Edozeinek dauka aukera nirekin biltzeko eta bere iradokizunak, kexak eta proposamenak luzatzeko. Irura biziberritzeko asmo horretan ezinbestekoa da herritarren parte hartzea, udaletik bakarrik ezingo dugu egin.

 

Erlazionatuak

Gorka Murua, Irurako alkatea

Jon Miranda Labaien 2023 urr 12 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!