Oria ibaiaren garbiketan 723 kilo hondakin jaso ditu Irurako Udalak

Ataria 2023ko irailaren 22a

Uztailaren 11tik 18ra Iruratik igarotzen den Oria ibaiaren zatian garbiketa-lanak burutu zituen Irurako Udalak eta bildutako hondakinen lagin bat San Migel plazan ikusgai izan zen.

Uztailaren 11tik 18ra Iruratik igarotzen den Oria ibaiaren zatian garbiketa-lanak burutu zituen Irurako Udalak, Gureak gizarteratze-enpresaren bitartez. Bildutako hondakinen lagin bat San Migel plazan ikusgai izan zen, herritarrak ibaira iristen diren hondakin-kopurua ezagutu eta hauek jatorrian ondo kudeatzeko beharra azpimarratzeko. Ibaitik jasotako hondakinak baliatuz, udalekuetako haur eta gazteekin hondakinen bilketa egokiaren garrantziaz jabetzeko lanketak ere burutu ahal izan zituzten.

Oraingoz, 2023ko Irurako zatiko Oria ibaiaren garbiketa-kanpainan, 723 kilo hondakin atera dituzte ibaitik, modu honetan sailkatuta:

  • 254 kilo plastiko
  • 165 kilo egur
  • 275 kilo burdin
  • 7 kilo kristal
  • 22 kilo errefusa

Udalak herritarrei gogorarazi die hiri-hondakinak modu egokian ez kudeatzea 90 eta 45.000 euro arteko isunarekin zigortu daitekeela eta hainbat aukera dituztela hondakinak modu egokian kudeatzeko:

  • Herriko kaleetan kokatutako edukiontzietan (organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, arropa, sukaldeko olioa, pilak, errefusa eta zakur gorotzak).
  • Hondakin arriskutsuak: kultur etxe ondoan dagoen etxolan edo Garbigunean.
  • Tamaina handiko hondakinak: beirarentzako edukiontzien ondoan hilaren lehen eta hirugarren ostiraletan (bezperako gauean 20:00etatik aurrera). Ezin da utzi obra-hondakinik, pneumatikorik, paletik, paperik, kartoirik edota zabor-poltsarik.

Bilketa egokian laguntzeko hondakinak egoki sailkatzeko gida eta eskualdeko bi garbiguneen informazioa eskura dute herritarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!