Irurako Ostatua kudeatzeko lizitazioa aterako da datozen asteotan

Endika Apalategi Labayen 2023ko abu. 5a, 07:58

Irurako plazan dagoen lokaleko obrak martxan daude dagoeneko; interesa duenak udaletxera deitu dezake informazio gehiago jasotzeko.

Badira hainbat aste, Herriko Ostatu berria izango denaren obrak hasi dituztela Iruran. Obrak «oso martxa onean» doazela azaldu du Gorka Murua Irurako alkateak eta udazken hasierarako  amaituta egotea aurreikusten dute. Hori dela eta, udalak lizitaziora aterako du, datozen asteotan, herriko plazan kokatuko den ostatuaren kudeaketa.

«Aukera ezin hobea» da Herriko Ostatuaren ardura hartzea, Muruaren esanetan, izan ere, uneotan, Iruran ez dago ia aukera gastronomorik eta herritarrak zain daude, «plaza biziberrituko duen» zerbitzua irekitzeko. Lizitaziorako oso baldintza erakargarriak prestatu ditu Udalak. Interesa duenak, informazio gehiago ere eskura dezake udaletxera deituz, 09:00etatik 14:00etara, 943 691 333 zenbakian.

2021.urtean zehar herritarrekin batera aurrera eramandako parte hartze prozesutik ateratako ideiak eta nahiak biltzen dituzte aipatutako baldintzak. Udalaren webgunean daude ikusgai parte hartze prozesuaren nondik norakoak biltzen dituzten dokumentuak, honako lotura honetan: www.irura.eus/eu/irurako-ostatuaren-diseinua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!