Osasun arreta euskaraz eskatzeko deia egin die Irurako Udalak eta UEMAk herritarrei

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 14a, 07:57

Irurarren %78k adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta; gainerakoek ere hautatu dezaten nahi du udalak.

Otsaila amaieran kanpaina bat abiarazi zuen Osakidetzak, herritarrek osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraziz. Iruran, osasun zentroko erabiltzaileen %78k adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta eta horietatik %63k adierazi du euskaraz jaso nahi duela. 

Herritar horiek, eskatzen duten hizkuntza izango dute harremana osasungintzako profesionalekin, eta hautatzen duten hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko jakinarazpenak ere. UEMAk, bere aldetik, herritarrek euskararen aldeko hautua egin dezaten eskatu du eta Irurako Udalak bat egin du eskakizunarekin. 

Dena dela, bost herritarretatik batez ez du hizkuntza hautatu oraindik, eta hor eragin nahi du udalak zein UEMAk, kanpainarekin bat egin eta osasun arreta euskaraz eska dezaten. 

Zerbitzua euskaraz

Irurako Udalak ohartarazi du herriko osasun zentroan ez dagoela euskarazko zerbitzua bermatuta, eta zerbitzua euskaraz jasotzea «herritarren eskubidea» dela. Anoetako osasun zentrora doazen haurrek ere une honetan ezin dutela zerbitzua euskaraz jaso salatu dute. 

Hori horrela, Irurako Udalak Tolosaldeko ESIra kexa bideratu zuen 2022ko urrian, Irurako osasun zentroko sendagilea eta Anoetako osasun zentroko pediatra ez direlako euskaldunak. Gutun hartan, osasun langile elebidunak jar ditzatela eskatu zuten. Azaroan jaso zuten erantzuna: «Aldi batez langile elebidunak izateko ezina adierazi zuten». Egoera ez dela aldatu dio udalak. 

Horren aurrean, herritarrak beste behin animatu nahi ditu hizkuntzaren hautua egiteko. «Zenbat eta eskaera gehiago jaso, errazagoa izango da presioa egin eta egoera aldatzeko». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!