Gorka Muruak Irurako alkatetzan jarraituko du

Ataria 2023ko mai. 28a, 21:19

Gaur bederatzi zinegotzi aukeratu dituzte Iruran. Boto guztiak kontatu ondoren, hau izan da emaitza.

 

 

 

 

 

EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Iruran, eta Gorka Murua izango da berriro alkatea. Bere bigarren legealdia izango da karguan. Guztira 435 boto jaso ditu koalizioak, orain lau urte baino 23 gutxiago, eta 6 zinegotzi lortu ditu, aurreko hauteskundeetan baino bat gehiago. EAJ alderdia izan da bigarrena, 249 boto eskuratuz, orain lau baino 101 gutxiago, eta guztira 3 zinegotzi izango ditu, bukatu den legealdian baino bat gutxiago. PSE-EE izan da hirugarren zerrenda bozkatuena, 32 boto lortuz, aurreko hauteskundeetan baino 7 gutxiago eta ez du ordezkaritzarik lortu. PP alderdia orain lau urte ez zen aurkeztu; aurtengoetan 7 boto lortu ditu, eta ez du ordezkaritzarik izango. 

Emaitzak ezagutu ostean, Gorka Muruak azaldu du balantze «oso positiboa» egin dutela: «Nahiz eta partaidetza jaitsi egin den, gure bozka kopurua duela lau urteko berdintsua da. Ulertzen dugu lau urtetan egindako lanaren fruitua dela, eta ontzat eman duela Irurako herriak EH Bilduk egin duen lan hau guztia». Partaidetzarik dagokionez, izan den jaitsieraren inguruan «nolabaiteko hausnarketa orokor bat eskatzen duela» azaldu du Muruak, eta gaineratu du «erakundeekiko urruntze bat islatzen» duela horrek. «Hor lan handia dago egiteko». EH Bilduko beste zinegotziak Olaia Nieto, Mikel Iturbe, Idoia Garaialde, Noelia Lataburu eta Ioritz Lazkano izango dira. 

Bere aldetik, Gorka Sagarna EAJko zerrendaburuaz gain, beste bi zinegotziak Ana Leunda eta Begoña Tolosa izango dira. Sagarnak azaldu duenez, «emaitzak ez dira batere onak izan, baina eskertu nahi nioke lehenik eta behin Irurako herriari bozka emateagatik, eta bereziki EAJri botoa eman diotenei, beraien konfiantza niregan eta nire taldearengan jartzeagatik». Sagarnak gaineratu duenez, «nire konpromisoa berresten dut datozen lau urteetan Iruraren eta irurarren alde egiteko, haien interesak erdigunean jarrita, eta kasu honetan oposizio eraikitzaile batetik».

Parte hartzea %58,27koa izan da, eta duela lau urteko datuekin alderatuz gero, 11 puntu egin du behera. Baliogabeak 9 boto izan dira,  eta zuriak 15 boto.

Hemen gaurko informazio guztia.

Irurako udalbatza ondorengoek osatuko dute:

  1. Gorka Murua Macuso (EH Bildu)
  2. Olaia Nieto Legarra (EH Bildu)
  3. Mikel Iturbe Saizar (EH Bildu)
  4. Idoia Garayalde Goicoechea (EH Bildu)
  5. Noelia Lataburu Ortiz (EH Bildu)
  6. Ioritz Lazcano Aranalde (EH Bildu)
  7. Gorka Sagarna Larrañaga (EAJ)
  8. Ana Jesus Leunda Gurruchaga (EAJ)
  9. Begoña Tolosa Mendia (EAJ)

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!