Irurako EAJ-k herriko jarduera ekonomikoa bultzatzearen alde egingo du lan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 5a, 15:53

Irurako EAJ alderdiak udal hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu eta esan du «zintzotasuna, profesionaltasuna eta gaztetasuna zein esperientzia» uztartzen dituztela.

EAJ-k maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Irurako zerrenda osatzen duten pertsonak ezagutzera eman ditu, hiru ardatz nagusirekin: «jarduera ekonomikoa bultzatzea, gizarte arreta indartzea eta herriko instalazioak, ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzea». «Gure alderdia beti izan da kudeaketa onaren, erabaki estrategikoetan asmatu izanaren eta herritarrekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko gaitasunaren berme. Iruraren alde daukagun onena emateko grinak batzen gaitu, herriak bere potentzial guztia baliatu dezan, eta bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko aukera gehiago eskaintzen dituen lekua izan dadin. Ilusioz, ideia berriekin eta ekarpen positiboa egiteko gogoa biziz aurkezten gara», azpimarratu du Gorka Sagarna alkategaiak.

Alkategaiari buruz esan dute 37 urte dituela,  Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua dela, eta gaur egun Foru Aldundiko Estrategia Digitaleko zuzendaritzako burua dela. «Harro» agertu da inguratzen duen taldeaz, eta bere «gaitasun profesionala, zintzotasuna eta giza balioa» nabarmendu ditu, bai eta herriaren eta bere erronken inguruan duen ezagutza zabala eta kudeaketa instituzionalean duen esperientzia ere. Alkategaiaren indargune handienetako bat kudeaketa publikoaren funtzionamendua eta prozesuak ezagutzea eta lankidetzan aritzeko gaitasuna izatea dela nabarmendu du alderdiak, «funtsezko ezaugarria baita hori hainbat erakunde mailaren parte-hartzea eskatzen duten anbizio handiko proiektuak aurrera ateratzeko».


Sagarnak «belaunaldi berri bateko kide» gisa aurkeztu du bere burua, «politika arlora haize berriak» ekartzeko gogoz dagoena, baina, horrez gain, «erakundeetan edo enpresetan ibilbide luzea duten pertsonen babesa duena». Hori horrela, Irurako hautagaitzak «gaztetasunaren eta esperientziaren arteko nahasketa interesgarria» duela adierazi du. Ildo horretan,  zerrendan bigarren doan eta 2015-2019 legealdian Irurako alkate izandako Ana Leundari eskerrak eman dizkio emandako konfiantzagatik, «inork ez bezala ezagutzen ditu Anak Irura eta irurarrak. Lan handia eta apaltasun handikoa egin du herri honen alde. Bere beharren, egindako proiektuen eta egiteko edo hobetzeko daudenen ikuspegi orokorra du. Estimu pertsonal handia diot, eta sekulako poza hartu nuen zerrendan sartzeko baiezkoa eman zidanean», azaldu du.


Sagarnak gaineratu du  azken asteetan hainbat hartu-eman izan dituela Irurako pertsona eta eragileekin eta, horiei esker, udalerriaren erronken erradiografia zehatza atera ahal izan duela, «baita jeltzaleen kudeaketa programa aberastu ere, ekarpen berriak txertatuz». Hala nahi duten pertsona edo elkarte guztiak berarekin harremanetan jartzera animatu ditu, beren proposamenak helarazteko, iruraeajpnv@gipuzko.eus posta elektronikoaren bidez. 


EAJ-k Irurarako dituen lehentasunen artean, alkategaiak hauexek aipatu ditu: enpresekiko harremana estutzeko beharra, jarduera ekonomikoa bultzatzeko; adinekoei edota mendekotasuna dutenei arreta hobea ematea; hondakinen bilketa; mugikortasuna hobetzea; herrian egunerokotasuna erraztuko duten zerbitzu berriak eskaintzea; babestutako etxebizitzak; ibaiko pasealekua egokitzea, edo aterpetxe bat irekitzea. 

Hauek dira Iruran udal hauteskundeetarako jeltzaleen hautagaitza osatzen duten pertsonak:

1. Gorka Sagarna Larrañaga.
2. Ana Jesus Leunda Gurruchaga.
3. Begoña Tolosa Mendia.
4. Imanol Lasa Zeberio.
5. Juan Ramon Bastarrika Azkoitia.
6. Jose Ramon Epelde Irizar.
7. Maria Cristina Santos San Sebastian.
8. Marta Castillo Iturralde.
9. Ana Jesus Armendariz Leunda.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!