Irurako Energia Komunitatearen estatutuak adosteko bilera, ostegunean

Ataria 2023ko maiatzaren 1a

Irurako Energia Komunitatea osatzeko prozesuarekin jarraituz, ostegunean, maiatzak 4, bilera irekia egingo dute komunitatearen estatutuak azaldu eta adosteko. Bilera 18:30ean izango da, eskola zaharreko ekitaldi aretoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Tokiko Energia Komunitateak (TEK) sortzeko eskaintza egin zien lurraldeko hainbat udalerriri, eta horien artean dago Irura. Udalak esan du proiektu honekin energia trantsizio iraunkorrean aurrerapausoak ematen jarraitzeko aukera dutela eta gainera proiektuaren gauzatzearen kostuak foru aldundiak bere gain hartzen dituela.

Horiek horrela, Trinketeko teilatuan 84 plaka fotovoltaiko jarri ditu foru aldundiak, Irurako Energia Komunitateari 38 KW emateko. Horrela, 70-75 etxe zein komertzio txikik izango dute Irurako komunitatean parte hartu eta Trinketeko instalaziotik energia berriztagarria kontsumitzeko aukera. Gainera, komunitateko kide izanda foru aldunditik formazioa eta aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera izango dute partaideek.

Lotura honetan dago informazio gehiago eta Irurako Udalera ere jo daiteke (943 69 13 33). TEKko kide izateak ez du kosturik eta bertako energia berriztagarria kontsumitzeagatik ez da inolako instalaziorik egin behar. Udalak herritar, merkatari eta eragile guztiak gonbidatu ditu proiektuan parte hartzera, horrela «energia eta dirua aurrezteaz gain, Irurako berotegi efektuko gasen isurketak murrizten eta klima aldaketa gutxitzen laguntzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!