Gorka Sagarna izango da EAJ-ren alkategaia Iruran

Ataria 2023ko api. 25a, 18:00

Eusko Alderdi Jeltzaleak Gorka Sagarna Larrañaga aurkeztu du Irurako alkategai, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako. Sagarnak tokiko ekonomia bultzatu eta indartzeko eta 
gizarte politiketan zaintza-eredu berria ezartzeko lan egingo duela esan du alderdiak.

EAJ-k adierazi duenez, Iruran «familia lotura sendoak» ditu Tolosan duela 37 urte jaiotako hautagaiak. «Ilusio handiarekin eta Irurako herritarren alde lan egiteko gogoarekin aurre egiten dio Iruran alkatetza lortzeko erronkari», esan du alderdiak. «Ohorea da niretzat hain gertu sentitzen dudan udalerri honentzat ekarpenak egin ahal izatea», aitortu du Sagarnak.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta 7 urtez Tolosaldeko tokiko telebistan aritua, Sagarna Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia Digitaleko Zuzendaritzan ari da lanean duela zortzi urtetik hona. «Bertatik lan sendoa egiten aritu da digitalizazioak eta administrazioen eta herritarren arteko harremanak arazo izateari utz diezaioten, eta mundu guztiarentzat eskuragarri izan daitezen. Gaur egun duen postuari esker, Sagarnak egunero lan egiten du Gipuzkoako eta Euskadiko hainbat erakunde, udal eta elkarterekin, eta sare zabala du, orain Irurako Udalean egingo duen lanaren eskura jarriko duena», esan dute EAJ-tik. «Orain arte Gipuzkoako herritarrei zerbitzu bat eskaini diet eta orain irurarrak izango dira nire lehentasuna», gaineratu du alkategaiak.

Sagarnak ekonomia eta gizarte zerbitzuak finkatu ditu bere proiektuaren zutabe nagusi gisa, eta aurreratu du eragile ekonomikoekin gertutik lan egingo duela lan-eskaintza indartzeko, Irurak Gipuzkoako langabezia tasaren bataz bestetik beherago egoten jarrai dezan. Gainera, «lankidetza estua» izango du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailarekin, udalerrian zaintza-eredu berria ezartzeko, bereziki adinekoei zuzendua.

Azkenik, hautagai jeltzaleak aurreratu du «umiltasunetik eta modu eraikitzailean» lan egingo duela, betiere «argi izanda lehentasuna Irurako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea» dela eta izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!