Kirol ekitaldiz betea dator asteburua, Iruran

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 21a, 16:00

Irurako Udalak eta Irura Bizi elkarteak antolatuta, Kirol Astea ospatzen ari dira Iruran. Igandean, herri krosa izango da, haurren eta helduen mailan.

Gaur, 17:00etatik aurrera, kirol saltsa izango da, 17:00etan, frontoian; LH3 eta LH6 bitartekoek 6 taldetan banatuta lau kirol-jolas ezberdinetan parte hartuko dute: futbola, saskibaloia, skate-irristaka eta xarea.

Bihar, goizez, Katategi bailarako industriagunean, patinaje saioak izango dira Irristaka taldearen eskutik. 16:00etatik aurrera, berriz, San Migel plazan, ordu eta erdiko parkour tailerra izango da Lotzen ADD taldearen eskutik. Diziplina hau ezagutzeko aukera egongo da; lehen pausoekin hasteko aukera eman eta parte hartzaileei maila desberdinetako proposamenak egingo dizkiete.

Igandean, bestetik, Irurako Herri Krosa egingo dute, San Migel plazatik abiatuta. 11:00etan hasiko da haurren lasterketa, eta 12:00etan abiatuko dira helduak. Izena emateko bi aukera daude: aurrez, Kronoak.com webgunean (5 euro) edo egunean bertan 11:00k baino lehen, plazan (7 euro); haurrek ez dute ordaindu beharrik izango.

Arratsaldean, patinete (scooter) ikastaroa egingo dute, 16:30ean hasita, skate parkean. Scooter-ean lehen urratsak eman edo trikimailu berriak ikasi nahi dutenentzako saioa izango da. Scooter-ean ibiltzeko gaitasunak landuko dituzte Holy Riders elkarteko adituekin; besteak beste, Gorka Lasa irurarraren gidaritzapean.

Derrigorrezkoa izango da bakoitzak bere kaskoa eramatea, eta komeni da bakoitzak bere scooter-a eramatea.

Mus txapelketa, maiatzean

Irurako Kultur Mahaiak Mus Txapelketa Irekia antolatu du. Maiatzeko ostiraletan izango dira partidak. Gaur zabaldu dute izen ematea, eta hilaren 28ra bitarte egongo da aukera. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu izena ematerakoan.

Bikoteko bi kideek irurarrak eta adinez nagusiak izan behar dute. Bikote kopuruaren arabera erabakiko da txapelketaren formatua, lekua eta egutegia. Gerta liteke egun bakarrean (mus txapelketa azkarra), edo bi edo hiru ostiraletan jokatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!