Erabilera anitzeko espazioa eta elkarteentzat bilgune berria haur eskola gainean

Ataria 2023ko apirilaren 17a

Udal eraikinen inguruko parte hartze prozesuan erabaki zuten herritarrek gune hau erabilera anitzeko espazio bihurtzea. Egokitzapen lanak egiteko 136.071 euro erabili dituzte.

2020eko udazkenean egindako hiru udal eraikinen inguruko partaidetza prozesuan horrela erabakita, haur eskolako lehenengo solairuan erabilera anitzeko espazioa eta elkarteentzako bilgune berria eraiki dute. Lanek 136.071 euroko kostua izan dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuaren 54.429 euroko laguntza jaso du.

Espazioaren diseinuak hainbat erabilera ahalbidetuko du. Horrekin batera, zenbait kirol praktikatzeko gune egokia izango da, hala nola, yoga edota mindfulness-a, isiltasuna eta lasaitasuna bermatzen dituelako guneak.

Irurako Udalak aipatu duenez, herrian lanean diharduten elkarteen arteko elkarlana sustatzea eta bultzatzea da euren ardura eta elkarte hauentzat bilgune izango den espazio berria eraiki dute horretarako, haur eskola gaineko solairuan. «Beraien jardunerako beharrezkoa den laguntza ematea ezinbestekoa da guretzat, izan baliabide ekonomiko zein materialak», esan dute udal ordezkariek, eta nabarmendu dute, herriko eragileekin partekatzen duten helburu nagusia herria bizirik mantentzea dela, «bakoitza bere autonomiatik, baina norabide berean».

Zentzu horretan, udal ordezkarien esanetan, «begi-bistakoa» da herrigintzaren arloan kultura dela herriko zutabe nagusienetakoa. «Iruran lanean diharduten elkarteei esker, gero eta handiagoa eta anitzagoa da kultur eskaintza. Guztien arteko elkarlana sustatzeko jarri zen martxan, hain zuzen, Kultur Mahaia».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!