Irurako kultur elkarteentzat espazio berria ireki dute

Ataria 2023ko apirilaren 11

2020ko udazkenean egindako hiru udal-eraikinen inguruko partaidetza prozesuan horrela erabakita, haur eskolako lehenengo solairuan erabilera anitzeko espazioa eta elkarteentzako bilgune berria eraiki ditu Irurako Udalak.

Espazioaren diseinuak hainbat erabilera anitz izatea ahalbidetuko duela esan du udalak. «Halaber, zenbait kirol praktikatzeko, hala nola, yoga edota mindfulness-a, gune egokia izango da, isiltasuna eta lasaitasuna bermatzen dituelako».

Obrak 136.071 euroko kostua izango du, eta hori bideratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuaren laguntza (54.429 euro) jaso du Irurako Udalak.

Udaletik adierazi dutenez, herrigintzaren arloan, «begi-bistakoa» da kultura zutabe nagusietakoa dela. «Iruran lanean diharduten elkarteei esker, gero eta handiagoa eta askotarikoagoa da kultur eskaintza», esan dute.

Guztien arteko elkarlana sustatzeko ipini zuten martxan Irurako Kultur Mahaia. «Irura herri bizia izatea da partekatzen dugun helburu nagusia, bakoitza bere autonomiatik, baina norabide berean. Udalaren ardura da elkarlan hori sustatzea eta bultzatzea. Beraien jardunerako beharrezkoa duten laguntza ematea ezinbestekoa da udalarentzat, izan baliabide ekonomiko zein materialak». Kasu honetan, elkarte hauentzat bilgune izango den espazio berria eraiki dute haur eskola gaineko solairuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!