Helduentzako plaza dantzen ikastaroa izango da Iruran

Ataria 2023ko apirilaren 10a

Irura Bizi eta Lats Dantza taldeak antolatuta, apirilaren 20tik ekainaren 22ra izango dira saioak Trinketean, ostegunero, 19:00etatik 20:00etara. Gaur zortzi amaituko da izen-emate epea.

16 urtetik gorako herritarrei eskainitako ikastaroa da, eta 20 euroko prezioa izango du. Apirilaren 17a baino lehen eman behar da izena, Irura.eus webgunean gonbidapena eskatuz, kultura@irura.eus helbidera idatziz edo kultura bulegora deituz (943 692 674).

«Ez dakizu fandangoa eta arin-arina bereizten? Dantzatu nahi, baina dantzan ez dakizula? Bada, erromerietan galduta sentitu ez zaitezen, hauxe da zure aukera! Hemen duzu plazako dantzen ikastaroa Xabi Artola Amonarriz irurarraren eskutik. Fandangoa eta arin-arina, Zazpi jauziak, Lantz, Axuri beltza… Anima zaitez, eta ikasi gure dantzak, ondo pasatuz, eta ondo pasatzeko!», adierazi dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!