Aurrekontu parte hartzailerako proposamenak aurkezteko aukera

Ataria 2023ko martxoaren 28a

Apirilaren 3tik 21era udaletxeko harrera bulegoan, kulturuneko postontzian, Irura.eus webgunean edota Irurako App-an egin ditzakete proposamenak 16 urtetik gorako irurarrek.

Aurrekontu parte hartzailea jarriko du martxan 2023an ere Irurako Udalak. Lehenengo fase batean 16 urtetik gorako herritarrek euren proposamenak luzatu ahal izango dituzte. Apirilaren 3tik 21era bitarteko epea izango dute horretarako eta honako baldintzak bete beharko ditu proposatutako proiektuak: interes publikoari erantzutea; udalaren eskumena izatea; teknikoki bideragarria izatea; aurreikusitako diru kopuruarekin (50.000 euro) bateragarri izatea; eta inbertsio motako proposamena izatea.

Herritarrek euren proposamena udaletxeko harrera bulegoan, kulturuneko postontzian, Irura.eus webgunean edota Irurako App-an aurkeztu beharko dute. Ondoren, udaleko bulego teknikoak proposamen ezberdinen bideragarritasuna aztertuko du eta maiatzaren 8tik 11ra proposamen bozketa txanda zabalduko da.

Iazko aurrekontu parte hartzailean herritarrek egindako proposamenak jaso ondoren eta bulego teknikoak hauen bideragarritasuna aztertu ondoren, Garbileku plazako argiztapena eta segurtasun sarea jartzea hobetsi zuten udal ordezkariek, hura baitzen baldintza guztiak betetzen zituen proiektu bakarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!