ERREPORTAJEA

Urtez urte, ezberdintasunak gainditzea helburu

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mar. 31a, 07:58

Azpeitian egin dute murala Marea Urdinak eta Gautenak elkarlanean, ‘Urdinduz’ egitasmoaren barruan. ATARIA

Gaur arratsaldeko lauretatik bostetara elkartasun azoka egingo dute Irurako ikastolan. Lortutako dirua Marea Urdina elkartera bideratuko dute.

Igandean Autismoaren Nazioarteko Eguna izango da, eta ondo dakite hori Irurako ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek. Izan ere, gai hori lantzen aritu dira azken asteetan eta gaur arratsaldean joko du goia elkartasun azokarekin. Hainbat egunez ikasleak materiala biltzen aritu dira, kasurako, bigarren eskuko liburuak, jostailuak, haiek egindako eskumuturrekoak eta baita bestelako eskulanak ere; jasotako guztia, berriz, salgai jarriko dute arratsaldeko lauretatik bostetara, ikastolako aterpean. Baina, zer egingo dute lortzen duten diruarekin? Bada, Marea Urdina elkarteari emango diote elkartasun keinu moduan.

Azoka ez da, ordea, dirua lortzeko antolatu duten ekimen bakarra, asteazkenetik hona jolas-orduetan hamaiketakorako patata-tortillak, bizkotxoak eta fruta saltzen ere aritu baitira. Gaur, berriz, badituzte bestelako jarduerak merkatuaz aparte: goizetik urdinez jantzita joan dira ikastetxera eta koreografia bat ere egin dute, autismoaren inguruko sentsibilizazio kanpainari itxiera ematea helburu.

Irurako Ikastolako tutorea da Eider Ijurko eta azaldu duenez, urtero egiten dituzte elkarte baten aldeko elkartasun ekimenak: «LH 6. mailako bigarren unitatean planteatzen dugu zer egin dezaketen ikasleek besteen alde. Helburuak dira elkartasuna sustatzea eta ezberdintasunak gainditzea, besteak beste». Hori horrela, aurten Marea Urdina elkartea hautatu dute, eta duela aste pare bat joan ziren ekimeneko ordezkariak ikastolara azaltzera zein diren proiektuaren nondik norakoak eta nola egiten duten lan.

Sentsibilizazio itsasaldia

Marea Urdina egitasmoa 2018an sortu zuten Urola Kostan, eta, hasiera batean, xede zuen bailara horretan autismoaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea. Aritz Orbegozo ekimenaren sortzaileetako bat da, eta kontatu du lanketari oihartzuna ematea helburu, ikusgarria zen ekintzaren bat egin nahi zutela, eta hortik atera zen Gipuzkoako kosta igerian zeharkatzeko ideia, Saturrarandik Hondarribira.

Orbegozok azaldu du «martxan jarri eta berehala» batu zitzaizkiela boluntarioak hainbat eta hainbat tokitik. Pixkanaka «elur bola handituz» joan zen, eta igerialdiaz gain kontzertuak eta elkartasun ekimenak ere antolatu zituzten. Azkenean, proiektuaren arrakasta ikusita, elkartea sortu zuten; hasieran, ardatz autismoa bazuten ere, aniztasun funtzionala duen edonork behar antzekoak dituela iritzita, orokorrean horien guztien inklusioaren alde lan egitea erabaki zuten.

Gaur egun, Urdinduz ekimenean elkarlanean ari dira Gautenarekin, autismoaren nahasmena duten pertsonen familien elkartearekin, eta denetariko jarduerak antolatu dituzte Azpeitian, besteak beste, bereizgarri den ibilaldia, murala, hitzaldiak eta kontzertuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!