Genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktimei arreta emateko protokoloa onartu dute

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 17a, 17:00

Biktima diren emakumeen arreta bermatu eta hobetzeko erakundeen arteko koordinaziorako protokoloari onespena eman diote Iruran.

Genero indarkeria eta sexu erasoen biktima diren emakumeei arreta "integrala, egokitua eta eraginkorra" eskaini nahi die Irurako Udalak. Gorka Murua alkateak nabarmendu duenez, biktimei arreta emango diete eskura dituzten baliabideekin eta kasu bakoitzak dituen berezitasunak eta beharrak kontuan hartuta. Udal ordezkariekin batera, Osakidetzako, Ertzaintzako, Irura Moretuz talde feministako eta Irurako ikastolako ordezkariek sinatu dute protokoloa eta bihartik aurrera indarrean sartuko da.

Eskaini beharreko arreta zein berroneratze prozesuan, udalean, lurralde mailan eta erkidegoan eskura dituzten baliabideak eskainiko zaizkie biktimei. Udal arduradun eta erakundeen arteko koordinazio guneak indartuz, prebentzioaren lan ildoarekin jarraitu nahi dutela adierazi du alkateak: "Arreta integral hori bermatu ahal izateko, emakumeen aurkako indarkeriarekiko herritar ororen inplikazioa eta parte hartzea sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu".

Protokoloa Iruran bizi eta laguntza behar duten emakumeen arreta bermatzeko onartu dute eta erakundeen arteko jarduerak koordinatzea du helburu. Modu horretara indarkeria sexistak dituen bi adierazpen garrantzitsuren aurrean, genero indarkeria eta sexu erasoa, biktimen arreta hobetuko dute. Horretarako Protokoloaren Koordinazio Orokorreko Mahaia osatuko dute eta biktima diren emakumeei arreta ematen dieten udal teknikari eta arduradun politikoek parte hartuko dute bertan. Noelia Lataburu Irurako Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "mahaian parte hartuko dutenen ardura izango da protokoloaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta beharrezkoa denean berau egokitzea".

Irurako Udalak genero indarkeria eta sexu erasoak gertatzen direnean, egoera horiek kudeatu eta koordinatzeko prozedurak zehaztu ditu protokoloan. "Esku artean duguna tresna bat da, inplikatutako erakundeen arteko koordinazio irizpideak zehazteko", esan du Muruak. Honenbestez, testuari onespena eman dion erakundeetako bakoitzak erreferentziazko pertsona bat izendatuko du mahai teknikoan koordinazio lanei jarraipena egiteko. "Protokolo honen edukiak, indarkeria sexistaren biktimei arreta eskaintzen lan egiten dutenen artean banatzea izango da akordioa sinatu duten erakundeen zeregina. Erakundeetako bakoitzak bere profesional guztien artean banatuko dute, baita erakunde horren menpeko diren taldeetan ere", esan du Lataburuk.

Erakundeetako profesional horientzat, zein erakunde horien menpeko taldeentzat, trebakuntza planak egin eta martxan jartzeko konpromisoa ere hartu dute sinatzaileek. Izan ere, akordioarekin bat egin duten eragileek, testuaren lehen atalean jasotako jarduera printzipioak bere egin dituzte. Besteak beste, laguntza osoa eta pertsonalizatua ematea, hurbiltasuna, adingabeen interesen defentsa, eraginkortasuna eta arintasuna, berbiktimizazioa ekiditea eta segurtasuna dira printzipio horietako batzuk. Emakumeak berak edo arreta zerbitzuetako profesionalek egiten duten arriskuaren balorazioa kontuan hartuz, esku hartzeko bi irizpide nagusi erabiliko dituzte: urgentziazko arreta edota lehentasunezkoa.

Irurako udal ordezkarien ustez, euren eginkizuna da emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako kultura bat sortzea eta horretarako jarduera egokiak martxan jartzea. Udalerrian gerta daitezkeen indarkeria egoera ezberdinen aurrean erantzun "egoki eta proportzionatua" emateko irizpideak zehazten ditu protokoloak. Sexu askatasunaren aurkako erasoetan edo genero indarkeria kasuetan, biktimei zuzenean elkartasuna eta babesa adieraziko zaie, honek salaketa jartzea erabaki edo ez. Irurako Udalak publikoki gaitzetsiko ditu kasu hauek eta antolatuko diren ekitaldietara deituko ditu herritarrak, "beti ere emakumeen eta familien pribatutasuna errespetatuz".

Genero indarkeria edo sexu askatasunaren aurkako beste edozein delituren ondorioz, heriotza kasuren bat ematen bada, protokoloak zehazten du, baita ere, jarraitu beharreko prozedura: "Irurako alkateak, kasu horretan, bozeramaleen batzarra deituko du eta ondoren osoko bilkura, gaitzespena adierazteko erakunde adierazpena onartze aldera". Kasu horretan ere, egoki irizten dituen ekitaldietan parte hartzera deituko ditu herritarrak.  Bide batez, biktimaren familiari, eta bereziki, hildakoaren seme-alabei, honako laguntza eskainiko die: laguntza legala; laguntza psikologikoa; beharrezkoa bada laguntza ekonomikoa; edota gorpua aberriratu behar bada gorpua lekualdatzeko laguntza.

Etengabeko hobekuntza

Aldi berean, protokoloaren etengabeko jarraipen eta ebaluaziorako metodologia finkatuko dute, alkateak adierazi duenez, "biktima diren emakumeekin egiten den esku hartze prozesuan protokoloa bide orri eraginkorra izan dadin". Zazpigarren puntuan zehaztu dituzte protokoloa hobetzeko prozedurak eta mekanismoak, eta zehaztu dutenez, koordinaziorako mahai teknikoak egingo dio jarraipena protokoloari eta ebaluatuko du honen funtzionamendua.

Azken urtean landu eta diseinatu dute Iruran genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeen arreta bermatzeko eta hobetzeko erakundeen arteko lehenengo protokoloa eta koordinazio mekanismoetan zehaztu dute  eskualdeko beste gizarte eragile batzuen parte hartzea sustatuko dutela. Amaitzeko, protokoloak jasotzen dituen esparruak betetzeko beharrezkoak diren prozedurak, tresnak eta baliabideak bermatzeko konpromisoa hartu dute Irurako Udalak, Osakidetzak, Ertzaintzak, Irura Moretuz talde feministak eta Irurako ikastolak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!