Zabalik da Irurako Energia Komunitatean izena emateko epea

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 14a, 11:57

Irurako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin elkarlanean, Irurako Energia Komunitatea sortzeko prozesua abiatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Tokiko Energia Komunitateak (TEK) sortzeko eskaintza egin zien lurraldeko zenbait udalerriri, eta gaur egun, 20 udalerri atxiki dira proiektura. Irurako Udalak «egoki» ikusi zuen Aldundiaren proiektu honetan parte hartzea, «batetik, Irurak energia-trantsizio iraunkorrean aurrerapausoak ematen jarraitzeko, eta bestetik proiektuaren gauzatzearen kostuak Aldundiak bere gain hartzen dituelako». Horrela, martxoaren 7an, Tokiko Energia Komunitate bat zer den eta zein onura dituen ezagutzeko informazio-saioa izan zen eta herritar ugarik parte hartu zuten.

Honela, Trinketeko teilatuan 84 plaka fotovoltaiko jarriko ditu Aldundiak Irurako TEK-ari 38 kW emateko. Orotara, 57 etxe eta komertzio txikik izango dute Irurako TEK-an parte hartu eta Trinketeko instalaziotik energia berriztagarria kontsumitzeko aukera. Gainera, TEK-ako kide izanda, Aldundiak formazioa eta aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera izango dute partaideek.

Instalazioa eraikitzeko udalak berea den Trinketearen teilatua utzi dio Aldundiari, instalazioa bera 5 urtez azken honen ardurapean egoteko. Ondoren, instalazioa Irurako TEK-arena izatera pasako da eta beronek izango du azpiegitura kudeatzeko ardura.

Une honetan, beraz, Irurako TEK-a sorrera fasean aurkitzen da. Parte hartu edo informazioa jaso nahi duten pertsonek jada eman dezakete izena esteka honetan. Informazio osagarria edo zalantzak argitzeko Irurako Udalera ere jo dezakete interesatuek, 943 691 333 telefonora deituz. Irurako TEK-ako kide izateak ez du kosturik eta bertako energia berriztagarria kontsumitzeagatik ez da inolako instalaziorik egin behar. 

Behin taldea osatuta, Irurako TEK-a elkarte modura osatzeko fasea abiatuko dute. Horretarako, Aldundiak adierazi du komunitateak bere sorreran zein nolako egitura izango duen adostu beharko duela, estatutu batzuk definituz. Foru entitateak Tokiko Energia Komunitateen aukerako estatutuen zirriborro bat aurreratua du, baina komunitatean parte hartu nahi duten herriko eragileek hauek beren beharren arabera egokitzeko aukera izango dute.

Irurako Udalak herritar, merkatari edo interesa duen herriko bestelako eragileei proiektuaz informatzeko edota bertan parte hartzeko gonbita luzatu die. «Jatorri berriztagarriko energia kontsumituz, energia eta dirua aurrezteaz gain, Irurako Berotegi Efektuko Gasen isurketak murrizten eta klima-aldaketa gutxitzen lagunduko dute irurarrek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!