Elkarrizketa

«Asiako Txapelketan, dena ondo badoa, finalera pasatzea espero dugu»

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 9a, 16:00

Absolutu mailan kontinente mailako txapelketa batean parte hartuko du John Cabang atleta irurarrak gaurtik aurrera, Filipinetako selekzioarekin; «sekulako ilusioz» ariko da.

John Cabang (Madril, 2001) hiru urte zituela Donostiara joan zen bizitzera, eta bederatzi urte dituenetik Iruran bizi da. Gurasoak Filipinetan jaiotakoak dira, eta berak nazioarteko txapelketetan herrialde horretako selekzioarekin lehiatzea erabaki du. Gaurtik hasita absolutu mailako Asiako Atletismo Txapelketan lehiatuko da, Astanan, Kazakhstango hiriburuan.

Asteburuan 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan lehiatu zara, Real Sociedad klubarekin, 60 metro hesietan zilarrezko domina lortuz.

Ez nituen sentsazio onak izan txapelketan, baina finala behintzat konpondu nuen eta bigarrengo postua lortu nuen, mila batzuengatik. Nahiko kontentu gaude emaitzarekin. Ez da espero genuen marka, baina behintzat postua lortu genuen.

Asiako Txapelketan parte hartuko duzu Filipinetako selekzioarekin. Nolatan?

Nire entrenatzailea eta ni aurreko urtetik pentsatzen hasi ginen aukera bat izan zen. Azkenean, erabaki genuen Espainiako selekzioari uko egitea eta Filipinetakoarekin parte hartzea. Nik bi nazionalitate ditut, eta hori baliatuz, eta Filipinetakoa naizela sentitzen naizenez, aukera aprobetxatu dugu.

Datorren urtean Parisen izango dira Olinpiar Jokoak. Horra joatea da helburuetako bat?

Buruan beti izaten duzu Olinpiar Jokoetara joatea. Batzuetan ahal duzu, beste batzuetan ez, baina momentuz Filipinetako selekzioarekin joanez, aukera gehiago ditugu. Gonbidapen batekin joateko aukera izan dezaket, herrialde bakoitzetik atleta bat gonbidatzen dutelako, eta gonbidapen hori baliatzeko asmoa dugu. Gutxieneko marka lortuz gero aukera duzu zuzenean joateko; saiatuko gara, baina oso zaila da.

Zer pauso jarraitu behar dituzu Filipinetako selekzioa ordezkatzeko?

Filipinetako federaziotik esan ziguten ikusi nahi zutela nola lehiatzen nuen. Urrian joateko esan ziguten, baina data txarrak ziren guretzako. Izan ere, Filipinetan ez da pista estalia egiten, eta hemen pista estaliko denboraldian gaude. Egin genuen eta ondo joan zen, eta lehenengo postuan geratu ginen. Beraiek gustura geratu ziren nik egindakoarekin. Olinpiar Jokoetara joateko orain marka batzuk eskatzen dizkigute txapelketa jakin batzuetan, pixka bat zailak direnak, baina dena hitz egitea da.

Asiako Txapelketa parte hartu behar duzun lehiaketa horietako bat da?

Ez, hau gure helburua zen, bertan parte hartzea gure nahia zen. Azkenean absolutu kategorian kontinente mailako txapelketa bat da, eta sekulako ilusioa egiten zigun. Horrek beka batzuk ematen dizkigu, eta marka edota postu on bat lortuz gero, txapelketa askotarako txartela izan daiteke.

Zer asmo duzu txapelketa horretan?

Aurreko urteko emaitzak ikusita, eta dena ondo ateratzen bada, finalera pasatzea espero dugu. Nire buruarekin gustura geratzen banaiz, balekoa izango da.

Zer marka dituzu?

60 metro hesietan denboraldi honetan egin dut marka pertsonala, 7,94. Nire ustez, 110 metroetan marka hobeagoa dut, 13,88koa.

Atletismoan Tolosa CF-n hasi zinen, Berazubin, ezta?

Bai, DBH ikasten ari nintzela. Anoetako Herri Ikastolan aukera ematen zuten eta bi lagun etortzen ziren Berazubira eta pentsatu nuen atletismoan hastea.

Betidanik aritu zara hesietan?

Oso kuriosoa nintzen eta denetik probatu nuen. Hasieran asko gustatu zitzaidan altuera jauzia, baina Alejandro eta Gabriel Herrero ikusi nituen hesietan bere aitarekin, eta pentsatu nuen hori egin nahi nuela. DBH3tik aurrera bakarrik hesiak egin ditut.

Zer suposatuko luke Olinpiar Jokoetara joatea?

Txikitatik amesten duzu Olinpiar Jokoetan lehiatzen, onenen aurka, eta zu horietako bat zarela. Olinpiar Jokoetara joatea amets bat betetzea izango litzateke. Datorren urtean joateko aukerak daude, baina dagoeneko amets handi bat beteko dut orain, absolutu kategorian kontinente mailako txapelketa batean parte hartzen. Orain arteko nire txapelketa garrantzitsuena izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!