Lautik hiru gaztek Iruran geratu nahi du etorkizunean

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 11a, 16:00

Herriko gazteek etxebizitza eskuratzeko beharren eta emantzipazio zailtasunen inguruko informazioa biltzeko inkesta egin du udalak

Irurako Udalak etxebizitzaren gaineko problematika desberdinei erantzuna emateko politikak jarri nahi ditu martxan. Irura: metabolismo demografikoaren eta etxebizitza beharraren azterketa egin zuen 2020an, etxebizitza prozesuei aurre egiteko eta neurriak behar bezala dimentsionatzeko ezagutza eskuratzeko. Azterketa horren barruan, azken asteetan galdetegi bat zabaldu du herriko gazteen artean, etxebizitza eskuratzeko beharren eta emantzipazio zailtasunen inguruko informazioa jasotzeko.

18 eta 33 urte arteko 33 gaztek erantzun diote galdetegiari. %75,8 guraso, senide edo tutoreekin bizi dira gaur egun eta nahiz eta erdiak baino gehiagok (%54,5ek) aitortzen duen gaur gaurkoz ez duela etxebizitza bat eskuratzeko beharrik, lautik hiruk etorkizunean bere burua Iruran bizitzen ikusten du.

Galdetegiari erantzun dioten gazteen %66,7k Iruran etxebizitza bat eskuratzea aurreikusten du hurrengo urteetan. Hala ere, gehien gehienak ez daude izena emanda Etxebiden. Erantzun anitzagoak sumatzen dira bizikidetza-unitateez galdetuz gero. Epe ertainean Iruran etxebizitza beharra duten gazteen artean, %36,4k bikotearekin bizi nahi luke, %30,3k bikotea eta seme-alabekin eta %21,2k bakarrik.

Alokairu bati bakarrik aurre egin beharko baliote, hilabetean ordainduko luketen errenta zenbatekoa den ere galdetu diete gazteei. 300 eta 400 euro artean ordaintzeko prest egongo liratekeela erantzun du galdetegiari erantzun diotenen herenak. 200 eta 300 euro artean, berriz, beste %30,3ak.


Hain zuzen, etxebizitza eskuratzeko muga nagusienen artean aipatu dituzte gazteek jasotzen duten soldata apala (%30,3) edota enpleguaren behin-behinekotasuna (%9,1). Lanik ez dutela eta ikasten ari direla erantzun dute 16 gaztek, baina hala ere, hamarretik seik muga nagusi bezala aipatu dute herriko etxebizitza eskaintza txikia. Eskaintza hori ez dator bat daukaten erosteko ahalmenarekin %45,5aren arabera eta ez dator bat beraien beharrekin %24,2aren arabera.

ETXE HUTSEN AZTERKETA

Gazteen artean banatu den lehenengo inkesta honekin batera, beste bat aurreikusten du Irurako Udalak, etxebizitza hutsen jabeek bizileku horiek ez merkaturatzeko arrazoiak identifikatzeko. Inkesta hori datozen hilabeteetan egingo dutela argitu du Gorka Murua alkateak. «Azterketa hau egiteko arrazoi nagusienetako bat, herrian dauden etxebizitza hutsen katalogoa osatzea zen. Jabe horiekin harremanetan jarri nahi genuke, euren etxebizitza alokairura bideratzeko prest ote dauden jakiteko».

2020ko azterketak etxebizitza hutsen estimazio bat egin zuen, eta galbahea pasa eta identifikazio zehatza egin ondoren, Iruran hutsik 48 etxebizitza inguru daudela esan du alkateak. «Jakin nahi genuke etxebizitza horiek ez merkaturatzeko arrazoiak zein diren, zein egoeratan dauden, eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak alokairuan jartzen laguntzeko programen berri ba ote duten galdetu nahi diegu jabeei. Datozen 15-20 urteetarako aurreikusten dugun etxebizitza beharrari erantzuteko lehenik eta behin hutsak dauden horiek mobilizatu nahi genituzke, promozio berriak egiten hasi aurretik», esan du Muruak.

Gislan enpresak 2020. urte bukaeran egin zuen azterlanak prospekzio ariketa bat egiten zuen eta 2035erako Iruran etxebizitza berriak beharko zirela aurreikusten zuen. «Epe motzera gure lehentasuna, hutsik dauden etxebizitza horiek merkaturatzea da edota zahartuta daudenak egokitzea. Udalaren aldetik promozio txikiak nola sustatu aztertuko dugu hurrengo hilabeteetan». Gaur egun lur sail bakarra du udalak, etxebizitza proiektu publikoak sustatzeko, eta oraingoz, bere horretan mantendu nahi dute eremu hori, «herriarentzat arnasgune garrantzitsua delako».

HAZKUNDE OREKATUA

Herrian badute Zabalgune 9 deitzen zaion eremua, ia 40.000 metro karratu dituena, eta plan orokorrak bertan 300 etxebizitza egiteko aukera ematen du. «Gure ustez proiektu hori ez da bideragarria eta udalari ez zaio interesatzen hainbeste etxebizitza batera egitea», adierazi du alkateak. «Epe ertain-luzera erabaki beharko dugu zein aldaketa txertatu plan orokorrean, lur sail hori zatikatu eta partzialki bertan etxebizitza promozioak egin daitezen. Irurak hazkunde jasangarria izatea gustatuko litzaiguke , eta momentuan momentuko beharrei erantzunez eraikitzen joatea. Ez genuke nahi, aurretik gertatu zitzaigun bezala, herria derrepentean haztea».

Higiezinen burbuilaren osteko krisiari eta azkenaldiko osasun larrialdiari, larrialdi klimatikoak jotako agertokia gehitu behar zaio. Alkatearen ustetan azkenaldian agerian geratu dira egungo aurrekontu publikoen mugak eta eraikuntza intentsiboaren gabeziak: «Egoera zaurgarrienean dauden pertsonen etxebizitza eskubidea bermatzeko zailtasunak areagotu egingo direla aurreikusten dugu».

Adineko pertsonak, langabetuak, gazteak edota atzerritarrak dituzte gogoan. «Egoera honi aurre egiteko, estrategikoa izango da etxebizitza parke hutsaren berrerabilera sustatzea eta alokairu formula berrietan oinarritzen diren udal neurriak indarrean jartzea», dio Muruak. Norabide horretan Irurako Udalak 18 eta 35 urte arteko herriko gazteen ohiko bizilekua izango den etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru laguntzak banatzen ditu urtero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!