Urtekaria 2022

Maialen Lujanbiok txapela jantzi du hirugarrenez

Ataria 2023ko urt. 7a, 20:00

Eskualdeko bost bertsolarik hartu dute parte Bertsolari Txapelketa Nagusian; Aitor Mendiluze finaleko zortzikotean aritu da; Arzallus eta Lujanbioren artean erabaki da txapela.

Irailean ekin zion Getxon Bertsolari Txapelketa Nagusiak, eta finala abenduan izan zen Iruñeko Nafarroa Arenan. Txapelaren lehian finalean aritu zen zortzikotea Aitor Mendiluzek, Alaia Martinek, Amets Arzallusek, Beñat Gaztelumendik, Joanes Illarregik, Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek eta Sustrai Colinak osatu zuten. Lujanbio eta Arzallus igaro ziren buruz burukora, eta azkenean Maialen Lujanbio izan zen txapela jantzi zuena, azken bi hamarkadetako bertsolaririk onena dela berretsiz.

Tolosaldeko ordezkaritza zabala izan du Txapelketa Nagusiak, bost bertsolari, bi gai-jartzaile eta epaile bat: Unai Mendizabal zizurkildarra, Oihana Iguaran amasarra, Haritz Mujika asteasuarra, Beñat Iguaran amasarra eta Aitor Mendiluze Iruran bizi den andoaindarra bertsotan, Imanol Artola felix amezketarra eta Jon Zaldua billabonatarra gai-jartzaile moduan eta Zigor Leunda billabonatarra epaile moduan.

Unai Mendizabal, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Beñat Iguaran lehen fasean hasi ziren bertsotan. Finalaurrekoetara Haritz Mujika eta Oihana Iguaran pasa ziren, eta Aitor Mendiluze ere fase horretan hasi zen abesten, 2017ko txapelketan finalean kantatu zuenez zuzenean sailkatuta zegoelako. Finalaurreko bigarren fasera Iguaran eta Mendiluze pasa ziren, eta azken honek egin zuen aurrera. Seigarrenez kantatu zuen finalean irurarrak, 2001, 2005, 2009, 2013 eta 2017an aritu baitzen. Azken horretan, gainera, txapeldunorde geratu zen.

Finala abenduaren 18an izan zen Iruñeko Nafarroa Arenan. 13.300 bertsozale bildu ziren Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colinaren arteko finalaz gozatzera. Jon Zaldua izan zen saioaren gidarietako bat. 2009an eta 2013an bezala, Arzallus eta Lujanbio pasa ziren buruz burukora, eta azkenean hernaniarra gailendu zen. Iñaki Muruaren eskutik jaso zuen txapela. Manuel Uztapideren hiru txapelak berdindu ditu Lujanbiok eta Andoni Egaña soilik dago bere gainetik, laurekin.

Aitor Mendiluze hirugarren sailkatu zen, saio bikain eta erregularra egin ostean. Bi puntu eskasegatik geratu zen buruz burukotik kanpora. Asko gozatu zuela, eta eroso sentitu zela azaldu zuen finala amaitu berritan. «Oso sentsazio ona eduki dut oholtzan, saio guztietan», azaldu zuen. «Hustu egin naiz, eta aldi berean, baita kargatu ere, sentsazioz, besteen ekarpenez, gauza askotaz...». Alde horretatik, asko irabazi duela pertsonalki finalean esan zuen Mendiluzek. «Etorri naizen baino hobeto noala finaletik sentitzen dut, eta hori asko da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!