«Etorri naizen baino hobeto noa finaletik»

Ataria 2022ko abe. 19a, 19:58

Gozatu egin duela eta emozionalki hustu eta sentsazioz nahiz besteen ekarpenez kargatu dela esan du Aitor Mendiluzek.

2017ko txapelketan buruz burukora iritsi zen finalean Aitor Mendiluze, eta aurtengoan atarian geratu da, Amets Arzallusek bi puntugatik lortu baitu urrats hori ematea. Hirugarren postuan geratu da, beraz, irurarra bere seigarren Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Asko gozatu duela, eta eroso sentitu dela azaldu du finala amaitu berritan. 

Txapelketa posible egiteko atzeko lana egiten dutenak izan ditu gogoan Mendiluzek, euren lana eskertuz: «Badakigu horrelako txapelketa batek zenbat lan dakarren atzetik, bai oholtzan egoteko, eta baita oholtza hori hor egon dadin ere, beraz, eskerrak eta zorionak denei». 
Bere kasuan, «inoiz baino gehiago» txapelketa honetan fisikoa eta emozionala «oso gertu edo oso lotuta» joan direla esan du. «Oso sentsazio ona eduki dut oholtzan, saio guztietan. Hobeto edo okerrago aritu naiz, ez da une honetan gehien inporta zaidana, baina, gozatu egin dut, eroso sentitu naiz eta taldekideekin oso eroso sentitu naiz. Uste det edo nahi nuke behintzat, beraien erosotasunean ere parte txiki bat izatea». 

Hori islatzea, gozatzen eta eroso sentitzen ari zela islatzea zela esan du, hain justu, txapelketa honetako nahietako bat. Horrekin batera, azaldu du «inoiz baino gehiago» jabetu dela egoeraz, momentuaz, bere buruaz... «eta kokapen horretatik, hustu egin naiz zenbait kasutan, emozionalki ere hustu egin naiz, eta aldi berean, baita kargatu ere, sentsazioz, besteen ekarpenez, gauza askotaz...». Alde horretatik, asko irabazi duela pertsonalki final honetan uste du Mendiluzek. «Etorri naizen baino hobeto noala final honetatik sentitzen dut, eta hori asko da».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!