Auto diagnostiko energetikoa egiteko kanpaina abiatu dute Iruran

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 16a, 09:47

Azaroaren 29an, eskola zaharrean azalpen tailer bat egingo dute, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehazteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamenduak Energia Argitu programaren barruan, kanpaina bat jarri du martxan Irurako Udalarekin elkarlanean. Etxean energia eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua du kanpainak.

Etxeko energia kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak emango zaizkie herritarrei. Horretarako azalpen tailer bat egingo dute azaroaren 29an, 18:30ean, eskola zaharrean. Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan izenburua eramango du hitzaldiak eta auto diagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dituzte.

Tailerrean parte hartu eta interesa agertzen dutenei, Energia Argitu Kit maleta banatuko zaie Irurako Udalaren bitartez. Kit horrek aukera ematen du etxean neurketak egiteko, energia gabeziak detektatzeko eta %5 eta %10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik, beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute. Behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, parte hartzaileek etxebizitzen lortutako emaitzei buruzko zalantzak espezialistekin kontsultatzeko aukera izango dute.

Kanpaina honetan parte hartu nahi duten herritarrek azaroaren 25a baino lehen eman beharko dute izena argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 628 532 248 telefonora deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!