Adinekoak sasoiko egoteko egitasmoa prestatu dute Iruran

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 28a, 12:40

Hileko lehenengo asteazkenetan egingo dute oinez ibiltzeko ibilbidea eta parte hartu nahi dutenek Irurako gizarte zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan. Adinekoak laguntzeko boluntario bila ere ari da udala.

Irurako Udaletik adineko pertsonak osasuntsu mantentzeko helburua duen egitasmoa jarriko dute martxan. Ekimenaren helburua da, ariketa fisikoa egitea bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sustatzea. Horretarako, Anoeta eta Irura herrietan itzuliak antolatuko dituzte eta ibilbidearen bukaeran hamaiketakoa eskainiko da.

Iruran, ibilbideak azaroak 2an hasiko dira eta hilero lehenengo asteko asteazkenetan burutuko dira. Ekimen honetarako boluntarioen figura garrantzitsua dela nabarmendu dute udaletik, "adineko pertsonei laguntzeko, batez ere, mugikortasun arazoak dituztenei". Boluntario bezala parte hartzeko deia luzatu diete irurarrei: "Herritarren zaintzak kolektiboa izan behar duelako eta bizitza duin eta kalitatezkoa izateko eskubidea guztiok dugunez, dei egiten dizuegu boluntario moduan parte hartu dezazuen".

Ibilbideetan parte hartzeko edo eta boluntarioa bezala aritzeko izen ematea Irurako gizarte zerbitzuetan egin behar da. 943 69 13 33 zenbakira deituz edo mezua bidaliz gizarte@irura.eus helbidera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!