Irurako jaiak 2022

Iristear da herensugea Irurara

Jon Miranda Labaien 2022ko ira. 21a, 17:00

Bi urteko etenaren ondoren, ostiralean abiatuko dira San Migel festak; asteburu honetan eta hurrengoan egingo dituzte ekitaldiak eta urriaren 9an erretiratuen eguna izango dute 

Ostiralean abiatuko diren San Migel festak aurkeztu dituzte Iruran. Bi asteburuz luzatuko dira herriko jaiak eta hilabeteak eman ditu kultur mahaiak egitaraua prestatzen. Gorka Murua alkateak esker ona adierazi die mahaian parte hartu duten eragileei eta baita egunotarako antolatutako ekitaldietan boluntario bezala arituko direnei. «Jairik gabeko bi urteak luze joan dira, eta Iruran, gainera, pandemiak gogor xamar jo du. Egun hauek balio dezatela errespetuz, alaitasunez eta berdintasunez elkarrekin momentu onak pasatzeko», esan du alkateak.

Ostiralean abiatuko dira San Migel jaiak eta festen hasierako suziria herriko merkatari txikiek eta ostalariek botako dute. Herritarrek zazpi proposamen luzatu dizkiote kultur mahaiari eta bertan erabaki dute txupinazorako herriko merkatari txiki eta ostalariak aukeratzea. «Urtean zehar lan handia egiten dute eta askotan baldintza kaxkarretan. Pandemian ikusi ahal izan dugu zenbateraino diren garrantzitsuak. Horregatik dendari eta ostalariei omenaldia egiteaz gain, udaletik dei egiten diegu herritarrei festetan ere bertan kontsumi dezaten, hori da herria bizirik mantentzeko modua», aipatu du Muruak. Aurten udaletxea eraberritzeko lanak direla eta, plazan jarrita dagoen oholtzatik botako dute suziria eta ondoren egingo dute herensugearen jaitsiera.

Leti Aristi kultur zinegotziak eman du jaietako egitarauaren berri. Ostiraletik igandera bitartean egingo dira lehenengo ekitaldiak eta atseden egun batzuen ostean, ostegunean, San Migel egunez helduko diote berriro ere egitarauari. Urriaren 1ean herensugea errez amaituko dute jaia.

Dena den, ohiturari jarraituz, jaiak amaitu ondorengo igandean, erretiratuen eguna ospatuko dute Iruran. Marimi Ugaldek Eguzki Txoko elkarteko kideak eman du egitarauaren berri eta nabarmendu du, elkarteko bazkide direnez gain, herriko jubilatu guztiek har dezaketela parte, urriaren 9an Aizpurua jatetxean egingo den bazkarian. Joxe Mendizabalen eskutik musika dantzaldia izango da bazkalostean. 

Erasorik gabeko jaiak

Indarkeria matxistarik gabeko jaien alde egin dute eragile guztiek eta Irura Moretuz talde feministako eta Irurako Gazte Asanbladako kide den Marina Etxarrik azaldu duenez, larunbatean, irailaren 24an, Beldur Barik gunea egongo da jarrita San Migel plazan 17:00etatik 20:00etara. Horrekin batera, Irura Moretuz taldetik protokolo bat prestatu dute jaietarako. «Erasoren bat gertatzen bada, txosnek eta tabernek esku hartze berdina izan dezaten prestatu dugu. Erasoa jasan duenaren erabakia errespetatu beharra azpimarratu nahi  dugu, presiorik ezarri gabe», esan du Etxarrik.

Jai egitarauaren azken orrian eraso baten aurrean nola jokatu azaldu dute eta Irura Eskura aplikazioan ere informazio hori jarri dute herritarren eskura.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!