113 kilo hondakin eta tamaina handiko 16 objektu jaso dituzte Oria ibaian

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 27a, 13:22

Uztailaren 11tik 15ra Iruratik pasatzen den Oria ibaiaren zatian garbiketa lanak burutu ditu Irurako Udalak Gureak gizarteratze enpresaren bitartez.

Irurako Udalak, Oria ibaiaren garbiketa egin du, herritik pasatzen den gunean. Bildutako hondakinen lagin bat San Migel plazan ikusgai izan da uztailaren 12tik 15era, herritarrak ibaira iristen diren hondakin kopurua ezagutu eta hauek jatorrian ondo kudeatzeko beharra azpimarratzeko.

"Hondakinak dagokion edukiontzian edo tokian modu egokian jasotzen ez baditugu, hauetako askok ibaian amaitzen dute, eta beste zati handi batek itsasoan", aipatu du udalak. 2022ko Irurako zatiko Oria ibaiaren garbiketa kanpainan 113 kilo hondakin eta tamaina handiko 16 objektu atera dituzte ibaitik, modu honetan sailkatuta: 30 kilo plastiko; 52 kilo egur; 17 kilo burdin; 12 kilo lauza; 2 kilo beira; 3 gurpil; 2 sofa; 3 hoditeria handi; 3 trafiko seinale; 2 bizikleta; haurren gurditxo bat; trafiko kono bat; eta hondartzako aulki bat.

Udalak gogorarazten du hiri hondakinak modu egokian ez kudeatzea 90 euro eta 45.000 euro arteko isunarekin zigortua dagoela eta herritarrek hainbat aukera dituztela hondakinak modu egokian kudeatzeko: 

  • Herriko kaleetan kokatutako edukiontzietan (organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, arropa, sukaldeko olioa, pilak, errefusa, zakur gorotzak).
  • Hondakin arriskutsuak: kultur etxe ondoan dagoen etxolan edo garbigunean.
  • Tamaina handiko hondakinak: beirarentzako edukiontzien ondoan hilaren lehen eta hirugarren ostiraletan (bezperako gauean 20:00etatik aurrera). Ezin da utzi obra-hondakinik, pneumatikorik, palerik, paperik, kartoirik edota zabor poltsarik.

Bilketa egokian laguntzeko hondakinak egoki sailkatzeko gida eta eskualdeko bi garbiguneen informazioa eskura dute herritarrek. Garbiketa lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako sailaren %75eko diru laguntza jaso dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!