ELKARRIZKETA

«Hiru urtez herriko jairik izan gabe, antsietatea eta zirrara sentitzen dira»

Asier Imaz 2022ko uzt. 23a, 07:57
Irurako Uzta Giro Festako emanaldia prestatzen DJ Bull. ENERITZ MAIZ

Jon Gotzon Gurrutxaga Ugalde DJ Bull (Reus, 1974) pandemia tarteko ogibidea aldatu behar izan zuen baina berriro ere, normaltasunaren bueltarekin batera, DJ lanari ekin dio.

Nabari al duzu geldialdiaren ondoren festa goserik?

Bai, gizartea aldatu egin da. Hiru urtez herriko jairik izan gabe, antsietatea eta zirrara sentitzen dira. Emozio asko sortzen zaizkio herritar bakoitzari. Besteen jaietara gerturatzeko gogoa ere nabari da, baina norbere herriko jaiek zerbait berezia pizten dute.

Nire saio guztietan antzematen ari naiz jende asko gerturatzen dela; lehen baino jende gehiago, alegia.

Herriko jaiak gehiago estimatzen al dira?

Gehiago estimatu ez, gabezi bat egon da. Azkenean, jendea etxean egon da, jendearekin harremanik izan gabe... Eta azkenean, une batetik bestera, jende masifikazio eta multzo horiek sortu dira.

Mutur batetik bestera pasa gara?

Nik uste hau puntuala izango dela. Momentu batean baretuko dela pentsatzen dut. Izan ere, ekonomikoki ez gaude eroso eta horrek berriro ere baretzea ekarriko du. Hala ere, seguruenik, uda honetan aparrean gora mantenduko gara.

Ekonomiko zein da bizi den egoera?

Txosnek, tabernek nabarituko dute momentu honetako gorakada hori. Nik, azkenean, musika baino ez dut jartzen, niri tragorik eta ez didate eskatzen.

Trago berdinarekin gehiago irauten al du jendarteak?

Jendeak dantza egin dezan saiatzen naiz. Gero jada kale-zurruta egiten duten, tragoa txosnan hartzen duten edo etxetik ekartzen duten hori ezin dut esan. Norberaren kontua da hori.

Musikak lagunduta, jendea orain errazago hasten al da dantzan?

Bai, bai. Jendea urduritasun puntu batekin dago. Emozioa transmititzeko modu diferenteak ditugu orain, berriro ere. Hori guztia nabari da dantza egiteko garaian ere. Kalejiretan asko gozatzen ari dira herritarrak.



Musika bera aldatu al da azken bi urte hauetan?

Egia esan, nik nire filosofia dut musika jartzeko garaian. Jendeak jarraitzen du euskal musika dantzatzen. Hala ere, antzematen da reggaeton eta musika komertziala eskatzeko zaletasuna badagoela. Honek guztiak kezka sortzen dit. Jende euskalduna horrenbesteko musika komertziala eskatzen, euskaraz ez den musika entzuten eta eskatzen!

Reggaetona eskatzen dizutenean zein izaten da zure erantzuna?

Nik ez dudala reggaetonik jartzen. Ni ez noa eztabaidatzera zer musika jarri behar dudan. Gustatzen zaionari gera dadila eta gustatzen ez zaionari ospa egin dezala. Ni ere beste lekuetara joaten naizenean berdina egiten dut. Gero noski kritika pertsonala egingo dut musikaren inguruan baina ez dut momentuan kritikarik egingo. Gustatuko litzaidake gainontzekoek ere berdina egitea. Gustatzen ez bazaie alde egin dezatela, gainontzekoak bakean utz ditzaten. Normalean ez da arazorik izaten, gauza oso puntualak izaten dira. Beti pelmaren bat izaten da.

Herri desberdinekoak izanda ere, makina berdinean egiten dituzte 'pelma' hauek, ezta?

Pelmek hemen, han eta edozein txokotan pelma izaten jarraituko dute. Horiek jasan behar eta aurrera!

Zein da zure musika filosofia?

Nire filosofian euskal musikak du pisua. Zenbatekoa? Hainbat tokitan zailagoa da. Ingurua euskal hiztuna baldin bada edo ez bada, horrek eragin handia izaten du. Zonaldeka oso ezberdina izaten da. Momentuek eta jendeak ere asko agintzen dute. Euskaraz egiten den musikak pisu handia du.

Euskaraz egiten den musikan bilakaerarik nabari al da, azken urte hauetan?

Reggaetona euskaraz bada, baina reggaetona eskatzen duenak ez du euskarazkorik nahi. Jendeak musika komertziala nahi izaten du.

DJ bezala nola bizi izan dituzu azken bi-hiru urteak?

Galera handia izan nuen. Orain dela gutxi iparraldera bizitzera joan naiz; hegoaldean autonomo izatetik, iparraldean autonomo izatera pasa nintzen. Momentu txarra aukeratu nuen, 2019tik 2020ra egin nahi nuen aldaketa. Pandemia etorri eta ez nuen laguntzarik izan ez iparraldean, ezta hegoaldean ere.

Pare bat hilabetez lasai egon nintzen, hausnarketa egiten, aurrera begira zer egin erabakitzeko eta Orexako Ostatuan zerbitzari moduan lan egiteko aukera suertatu zitzaidan. Urte eta hiru hilabete egin ditut Orexan eta berriro musikarekin hasteko aukera izan dudanean, musikan buru-belarri sartu naiz, 2021eko urritik aurrera.

Buelta hori nolakoa izan da. Hasieratik dei ugari jaso dituzu edo tantaka etorri dira?

Deiak geroxeago hasi ziren. Jendeak ikusi zuenean benetan dena aktibatzen ari zela. Baina momentu honetan, azaroa bitarte, agenda betea daukat.

Kolpea noiz sumatu zenuen?

Inauterien bueltan. Azken egunetan behintzat agenda betea izaten ari naiz: Portugaletetik, Irurara eta Dima egun berdinean, Amoroto, sanferminak Lasaka eta Iruñean, Sodupe, Arroabea, Iturmendi, Orereta, Pasai Donibane eta, uztaila amaieran, Hatortxu Rock etorriko da.

Abuztuan Oiartzun, Agoitz... denetarik etorriko da. Bilboko Aste Nagusia.

Bilbokoa ohiturazkoa duzu, ezta?

Altxa Porru-ko konpartsarekin joaten naiz. Bilbori zor diot, Bilbok arreta handia eskatzen du. Urtean zehar ostegunero Kafe Antzokian izaten naiz. Bilbok asko ematen dit eta nik ere bueltan asko eman behar diot.

Bi egunetan izango naiz Bilboko Aste Nagusian. Bi emanaldi eskainiko ditut.

Noiz hasi zinen Aste Nagusian parte hartzen?

25-30 bat urte izango dira!



Aste Nagusitik bereziena?

Oso berezia da Bilbokoa. Baina zein da hobea? Berezia da Bilbokoa, oso parte hartzailea... Auzolan handia izaten da. Filosofia hori betidanik asko gustatu izan zait.

Aipatu dituzun herri guzti horietara zer helbururekin joaten zara?

Niri parte izatea gustatu izaten zait baina bederatzi egun segidan lan egin behar badut denbora dosifikatu egin beharra daukat; fisikoki ere ondo egon ahal izateko. Tokatzen zaidan bederatzigarren egun horretan ere dena eman beharra daukat, profesionalki begiratuta.

Azken finean, lan bat betetzen ari naiz, baina ahal dudan guztietan festa horren parte sentitzea gustatzen zait, dultzainarekin, edo ni naizenarekin.

Kuadrillen bazkarietan, herri bazkarietan... ere egon izaten zara.

Ahal dudanean bai. Azkenean, askotan behar izaten dena deskantsua da.

Udan kilometro asko.

Bai eta gasolina garesti! Azken batean, lekuetara heldu behar!



Aipatu dituzun herri horiek guztiak zure bezeroak izandakoak dira? Leku berrietatik ere deitu dizute?

Bai, bai. Leku berdinetatik jende asko deitzen ari da. Lehentasuna izan dute urtero-urtero izan naizen leku horiek. Betiko toki horiei baiezkoa segituan eman diet. Ezezko batzuk eman behar izan ditut. Pena eman dit kasu horietan, leku berriak zirelako.

Hego Euskal Herria aipatu duzu, Ipar Euskal Herriarekin zer-nolako harremana duzu?

Oso ona. Musikalki gainera, euskal musika askoz gehiago eskertzen dute. Ez dakit geografiagatik izango den, bakoitzak duen borrokagatik. Nire errepertorioa dezente ezberdina izaten da iparraldean eta hegoaldean.

 

«Iparraldeko euskal jendeak euskal musika nahi izaten du. Argi eta garbi»



Iparraldean reggaetona eskatzen al dute?

Ezta batere.

Kultura ezberdinen eragina nabari da?

Normalean deitzen diguten lekuetatik euskal jendea izaten da; iparraldeko euskal jendeak euskal musika nahi izaten du. Argi eta garbi.

Herri txiki eta handien artean ezberdintasunik bada?

Gertutasuna. Errazagoa izaten da herri txikietan lan egitea.

Zu hasi zinen garaian, DJ munduan, lau katu zineten. Orain aukera zabala dago.

Gehiegi esan duzu lau katuren horrekin! Nik nahikoa lan badut nire lana jarraitzen, baina gero sareetan ikusten ditut programazioak, herrietako festa egitarauak... eta izen ezberdinak badaudela ikusten dut, DJ berriak atera direla, alegia. Ez dakit denek aurrera jarraituko duten edo une puntual batean ariko diren. Egia esan, DJen eskaera handia dago une honetan. Dena aktibatu da eta denek euren egitarauak osatu nahi dituzte, egitarau luze eta beteak nahi dituzte eta hori guztia bete egin beharra dago.



Zure lan egutegia nolakoa da?

Azaroa bitarte lan eta lan ariko naiz eta azaroan oporrak hartuko ditut. Oporrak behar ditudalako hortxe egingo dut etenaldia; izan ere, azarorako ere deiak jasotzen ari naiz. Abenduan berriro lanera bueltatuko naiz. Abenduan esaterako, Orioko jaiak izaten dira, bestelako emanaldiak, Eguberriak eta Kafe Antzokira buelta. Abendua ere nahiko betea espero dut.

2022ko udako kanta zein izango da?

Itzulera arrakasta polita izaten ari da, Herri Urratseko aurtengo kanta, Zetak eta Erramun Martikorenaren kanta. Untzak ere beste proiektu bat atera du, musika elektronikoa bere lekua hartzen ari da, Chill Mafia ere dezente eskatzen da...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!