Elkarrizketa

«Udako planak bertan behera utzi behar izan ditut Austriara joateko»

Asier Imaz 2022ko eka. 29a, 08:21

Musikenen ari da perkusio ikasketak egiten Markel Perez irurarra, eta bi hilabetetarako Austriako Gustav Mahler Jugendorchester gazte orkestrara joan da; Europa mailako musikariekin osatua da orkestra.

Markel Perez Etxarri (Irura, 2003) perkusio-jotzailea larunbatean joan zen Salzburgora (Austria) eta abuztuaren 21a bitartean bertan egongo da. Gustav Mahler Jugendorchester munduko entzutetsuenekoa eta onenetakoa da ikasle gazteen orkestren artean, eta bertako musikariekin batera Salzburgon ospatuko den jaialdian parte hartuko du. Irurarrak erdi mailako ikasketak amaitu berri ditu Musikenen.

Espero zenuen Austriara eramango zintuen deia?

Egia esan ez. Urrian egin nituen frogak Amsterdamera joanda, eta otsaila aldera edo jakinarazi zidaten musikarien poltsan edo zerrendan egongo nintzela. Baina jada atera zuten zein musikari joango ziren, eta ni ordezkoen zerrendan sartu nindutenez udara guztirako plan batzuk eginak nituen. Baina, justu, ekainaren 13an deitu zidaten batek baja hartu zuela esanez, eta uda honetan joan bere plaza betetzea eskaini zidaten. Beraz, plan guztiak bertan behera utzi behar izan nituen, eta orkestrarekin joan naiz.

Gazteen orkestran ariko zara.

Bai. Gustav Mahler Jugendorchester Europako orkestra bat da, eta Vienan du egoitza.

Europa guztiko musikariekin osatua da.

Hori da. Musikari gazteen orkestra da. 27-30 urte arteko musikariak biltzen ditu.

Mundu mailako ospea duena, ezta?

Bai. Hori eta Europako Gazte Orkestra deitzen den beste bat daude. Nik uste dut horiek biak direla oraintxe bertan ezagunenak direnak.

Zehazki zertara zoaz Austriara?

Orkestra asko joaten diren jaialdi bat da Salzburgokoa: Berlin, Viena,... Opera produkzio bat egingo dugu, eta uste dut sei kontzertu egingo ditugula. Eta jaialdiari hasiera emango dion irekiera kontzertua ere bai.

Udako asmoak aldatu behar izan dituzula esan duzu. Garbi izan zenuen edo bi aldiz pentsatu behar izan zenuen erabakia hartzeko?

Oso garbi neukan eta jada irakasle guztiekin eta jende guztiarekin hitz egina nuen deituz gero beraiekin joango nintzela. Baina, beste aldetik, pena handia eman dit, zeren Euskadiko Gazte Orkestrarekin, Kataluniako Gazte Orkestrarekin eta Kanariar Uharteetako Gazte Orkestrarekin kontzertuak nituen. Orduan, jendeari deitu behar izan diot nire ordez joateko.

Perkusio-jotzailea zara. Noiztik da zure pasio hau kasik ofizio?

Perkusioa kontuan hartuta nahikoa berandu hasi nintzen. Ni Loatzo musika eskolan hasi nintzen bateriarekin, eta hamabi bat urte izan arte ez nintzen perkusioarekin hasi. Francisco Escudero Kontserbatorioan hasi nintzen.

Froga pasa behar izan zenuen kontserbatorioan sartzeko?

Bai. Bateria hobby moduan jotzen nuen, baina kaxako teknika azkenean bera da; bateria perkusio instrumentu bat da. Orain Musikenen nago duela bi urtetik, eta hirugarren mailara pasako naiz. Hor jada argi uzten dizute bateria jazz edo moderno espezialitatea, edo bestela perkusio sinfonikoa.

Zuk bigarrena aukeratu duzu?

Hori da, perkusio sinfonikoan nago ni.

Nola irudikatzen da bateria musika talde batean eta perkusioa orkestran?

Bai. Bakoitzak ibilbide ezberdinak ditu. Bateriarekin talde bateko parte izan zaitezke; jazza, esaterako. Jazzean musika modernoa ere lantzen da, eta estilo ezberdinak daude. Aldiz, perkusio klasiko sinfonikoan orkestrarako irtenbidea dago; mundu garaikideago batean bakarlari moduan aritzen dira, edo perkusio talde bat edo Zukan hirukoa, hau da, txistua, akordeoia eta perkusioa. Horrelako ensemble garaikideak ere posible dira, eta irtenbide ezberdinak daude. Eta irakasle moduan ere ateratzen da jendea.

Loatzon musika ikasten hasi zinenean pentsatzen zenuen ibilbide hau egingo zenuenik?

Ez, inondik inora. Ni bateria ikasten zerbait probatzeagatik hasi nintzen. Herriko kontzertuetan taldeak ikusten nituenean rock edo beste edozein talde izan, bateriak beti atentzioa eman izan dit.

Herriko festetan taldeei begira zeuden garaian esan izan balizute orkestra batean bukatuko zenuela.

Nik orduan oraindik ez nekien orkestra bat zer zen ere.

Austriara joateko froga pasa behar izan zenuen. Nolakoak izaten dira froga horiek?

Nahiko gogorrak. Azkenean, froga baino pare bat hilabete lehenago bidaltzen dizute errepertorio bat edo frogaren arabera hilabete lehenago izan daiteke. Eta perkusioaren kasuan instrumentu ezberdinak ikasi behar dituzu; gure kasuan, xilofonoa, kaxa, pandereta, platerak, tinbalak... pixka bat denetik eskatu ziguten. Behin frogara iristean, pasarte bat instrumentu batekin jotzeko eskatzen dizute. Kamara bat dago zuri grabatzen, eta tribunaleko espezialista bat eta proiektuko koordinazioko bi pertsona dituzu. Bakarrik zaude beraien aurrean. Galderak egiten dizkizute, eta eskatzen dizutena jo behar diezu.

Ez du egoera goxoaren itxurarik?

Ez da, baina normalean jendea nahiko jatorra izaten da. Nire kasuan nahiko ondo portatu ziren, baina batzuetan ez da horrela izaten.

Eta behin esperientzia hau bizita, aurrera begira zein bide izango duzu?

Gazte orkestra izanda, ez da orkestra profesionaletan bezala, behin plaza atera eta zure plaza finkoa duzula. Orkestra honetan urtero egin behar da froga, eta urri aldera berriz ere froga egin beharko dut jarraitu nahi baldin badut.

Zenbat urte geratzen zaizkizu oraindik?

19 egin berri ditut, beraz, 32 urteak bete bitarte denbora daukat.

Baina hurrengo jauzia profesionaletara izango litzateke.

Bai. Lehenengo bi urte geratzen zaizkit eta Musikenen karrera amaitu behar dut. Hortik aurrera jada ez dakit master bat egingo dudan edo ez. Edo orkestra frogak. Oraindik ez dakit ziur zein ibilbide egin nahi dudan, baina printzipioz orkestra frogak egiten hasiko naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!