Iraina harrotasun

Jon Miranda Labaien 2022ko eka. 27a, 07:57
'Opil eta muxilen binetak' erakusketa izango da ikusgai Iruran. ATARIA

Gehituk eta Mugen Gainetik GKEek 'Opil eta muxilen binetak' album ilustratuan oinarrituta hamar panelez osatutako erakusketa prestatu dute. Irurako herriko eskolan izango da ikusgai, gaur eta bihar, harrotasunaren egunaren bueltan.

Gehitu eta Mugen Gainetik erakundeen lankidetzaren emaitza da 2018an kaleratu zen Opil eta muxilen binetak. Komiki lesbikoak bi ertzetatikizeneko komikia. Bi GKEek hainbat alderdi lantzen dituzte LGTBI+ pertsonen berdintasun efektiboa lortzeko, eta gizarte eraldaketarako hezkuntzaren eremuan parte hartzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako proiektu batean, zeinak helburu bezala duen agerian jartzea, Latinoamerikan nahiz Espainiako Estatuan lesbianek bizi dituzten eguneroko errealitateak.

Asmo horrekin, Teresa Castro eta Paty Ortiz de Zaratek koordinatutako ediziorako hamar ilustratzaile gonbidatu zituzten, Latinoamerikakoak bost eta beste bost Espainiako Estatukoak. Istorio bakoitza hiru orrialdetan kontatu zuen ilustratzaile bakoitzak, eta orain, hamar paneletan jaso dituzte lan horiek. Irurako herri eskolako gelan ikusgai izango dira, datorren astelehen eta asteartean, 16:30etik 19:00etara.

 

Maitane Arzallus: «Harresiak etzan eta aurreiritziak desagerrarazteko modu bakarra da ezagutza»



«Erakusketarekin euskal gizarteari ezagutarazi nahi dizkiogu LGTBI+ kolektiboko pertsonek bizi dituzten zailtasunak, bai Latinoamerikako hainbat herrialdetan, eta baita Euskal Herrian ere. Komikian jasotako binetek egunerokotasuneko errealitateak erakusten dituzte. Elkarren arteko ezagutzatik, uste dugu, gizarte hobe bat lortu daitekeela», dio Gehituko teknikari den Maitane Arzallusek.

Gizartearen eraldaketarako hezkuntzaren bidez hainbat arlotan egin nahi dute azpimarra Gehituk eta Mugen Gainetikek, hala nola, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, kulturartekotasunean, elkartasunean, tolerantzian edota bakea eta giza eskubideen defentsan. Hain zuzen, erakusketaren izena, jatorrizko komikiaren gaztelaniazko izenetik itzulitakoa da. Ozeano Atlantikoaren bi aldeetan, lesbianak izendatzeko erabiltzen diren terminoak dira torta (Argentinan), eta bollo (Espainia) eta horien euskarazko ordainak, berriz, muxil eta opil hitzak. «Irainak izateko gogoarekin erabiltzen zituzten, baina dagoeneko indar hori galdu dute, eta orain, emakume lesbianon borroka indartzen duten hitzak ditugu. Emakume eta homosexual izateagatik diskriminatzen gaituen gizarte batean lekua hartzeko gure modua dira. Lesbianok birjabetu egin gara hitz horietaz».

Emakume lesbianek Latinoamerikan, zein Espainiako Estatuan bizi dituzten eguneroko egoerak eta publiko gehienarentzat «surrealistak» direnak ikusarazi nahi ditu erakusketak. «Eta hori umorez eta komikiaren bidez egin dute egileek. Tresna horien bidez, errazagoa zaigu erakusketa bisitatzen duten pertsonengana iristea, haiengan harridura eta hausnarketa eragitea, eta ondoren, ezagutza zabaltzea. Harresiak etzan eta aurreiritziak desagerrarazteko modu bakarra baita ezagutza», dio Arzallusek.



2018tik Euskal Herriko herri askotara eraman dute erakusketa hau eta eskatu izan dieten tokietan hitzaldiak eskaini izan dituzte Gehituko kideek. «Guretzat garrantzitsua da herri txikietara ere erakusketa eramatea, kolektiboko jendea ikusarazi eta antolatzen joateko hondar aletxoa dela iruditzen baitzaigu». Lesbianen errealitatea erakusten duen proiektu honekin batera, aurten Gehitutik pertsona transen bizipenak bilduz beste komiki bat atera du.

Hauek dira Opil eta muxilen binetak. Komiki lesbikoak bi ertzetatik album ilustratuan bildutako irudiekin hamar paneletan kontatu dutena:

'Brianak' - Sheila Alvarado (Peru)

«Peru nahikoa herrialde handia da eta hiru eskualdetan zatituta dago: kostaldea, mendilerroa eta oihana, eta beraz, sasoiko hainbat fruta, janari eta animalia ditugu. Horrez gain, 43 jatorrizko hizkuntza daude herrialdean, eta beraz, lesbianak aipatzeko hainbat hitz ditugu; nire adiskide eta ezagunen artean gehien erabiltzen ditugunen bilduma bat egiten saiatu naiz, eta kontatzen dudana uda honetan nire neska-lagunarekin benetan gertatu zitzaidan zerbait da».

'Irribarrea' - Beliza Buzollo (Brasil)

«Kaleko pertsonen begiradak eta lesbian angry-aren estereotipoa azaltzen ditu istoriotxoak. Aurkezpen maskulinoagoa duen pertsonaiak, irribarrea darabil aurreiritzi eta bortizkeriazko begiraden aurrean babes modura. Irribarreak erakusten du, espero denaren kontrara, lesbiana izatea ez dela mehatxu bat. Gogorik gabe edo babes bezala irribarre egiteak, ordea, min egiten du eta nekagarria da. Frustratuta, pertsonaia konturatuko da, gainerako guztiei egiten diela irribarre, bere buruari izan ezik».

'Etxe-aldaketa' - Victoria Rubia (Txile)

«Bizitza azkar igarotzen den garai honetan, egunerokotasunaz gozatzea ahanzten zaigu askotan. Are gehiago, lesbiana gisa eta emakumeekin harremanak dituzten emakume gisa ikusezin bihurtzen gaituztenean. Istorio honek lesbiana bikote baten eguneroko bizitza azaldu nahi du, eguneroko elkarrizketa batean gertatzen diren aldaketak eta erabakiak erakutsiz. Soiltasunez, arlo pertsonaletik eta barnetik hitz egiten duen istorio bat izan nahi du, beste pretentsiorik gabe».

'Irteera' - Carla Berrocal (Espainia)

«Istorioa Espainian dago kokatuta, 50-60ko hamarkadan. Lesbianak diren adiskide talde bat elkartu eta landa ingurunera joango da txango bat egitera. Une horretan bakarrik sentitzen dira libre eta benetako, ohikoena izaten baita sexualitatea ezkutatzea eta errepresio frankistaren aurrean babesteko paper bat interpretatzea. Garai horretan euren bizitza nahi zuten bezala bizitzea erabaki zuten emakume ausartek adiskidetasuna eta aliantzak izan zituzten armarik onenak».

'Dena musu batengatik' - Nacha Vollenweider (Argentina)

2010eko uztailaren 15ean Argentinako kongresuak berdintasunezko ezkontza onartu zuen. 2017ko urrian, Mariana eta Rocio elkar agurtzen ari ziren Buenos Aires hiriko Constitucion geltokian, musu soil batekin, edozein bikotek egingo lukeen bezala. Musu berezia zen, Rociok hurrengo astelehenean, hainbat urtez abusuak egin zizkiolako, Armadako militarra zuen aitaren aurkako entzunaldi batean parte hartu behar zuelako. Agurtzeko modu hori, ez zitzaion Metroviaseko langile bati gustatu. Marianak zigarro bat piztu izanaren aitzakiarekin atxilotu zuen, nahiz eta jende gehiago erretzen egon toki berean. Poliziaren ziega batean amaitu zuen Marianak, biluzik jarrarazi zuten eta haren gorputza miatu zuten, prozedura hori, berez, debekatua dagoen arren. Tratua maskulinoa izan zen eta drogen bila miatze iraingarriak egin zizkiotela salatu zuen. Rociori ezkontza ziurtagiria eskatu zioten Marianarekin duen harremana frogatzeko, hori bikote heterosexual bati eskatzen ez zaionean. Marianak eta Rociok kasua salatzea erabaki zuten, poliziak eragindako indarkeria instituzionalagatik. Lesbiana talde feministek besazo eta tortazo deitutako ekintzak antolatu zituzten Mariana atxilotu zuten lekuan. Gaur egun Mariana prozesatuta dago eta milaka pesoko enbargoa ezarri diote epaiketari aurre egiteko».

'Zer egiten dute lesbiana txiletarrek' - Katherine Supnem (Txile)

«Txileko lesbianak antolatu egiten dira, politizatuta daude, eta hainbat taldek aktibismoan eta aktibismo politikoan dihardute. Bineta hauetan talde horiei buruz hitz egin nahi izan dut, euren lana agerian jartzeko eta neskek ez dezaten pentsa ezin dela, ez dezaten pentsa bakarrik daudela».

'L.S.B., Ana eta aitzakia... merkeak?' - Teresa Castro (Euskal Herria)

«Lesbiana bikote batek bidaia bat egiten duenean, joango diren herrialdeko zirkunstantziak kontuan izan behar ditu, 72 herrialdetan homosexualitatea zigortuta dagoelako eta zortzi herrialdetan heriotza zigorrarekin zigortzen delako. Perun, sexu bereko pertsona helduen arteko sexu-praktika adostuek ez dute inolako zigor zibil edo penalik 1924az geroztik; hala eta guztiz ere, duela gutxi egindako inkesta baten arabera, Peruko gizartearen gehiengoa sexu bereko pertsonen arteko batasun zibil eta ezkontza legalizatzearen aurka dago».

'Chicazo, el tfm' - Susanna Martin (Euskal Herria)

«2015eko anekdota autobiografiko bat abiapuntutzat hartuz hasi nintzen hainbat hedabideetan serie bat argitaratzen. Behin kalean machorra eta chicazo deitu ninduten. Lesbofobia ez da bineta hauen leitmotiv bakarra, nire inguruko unibertso osoa baizik. Itxura eta janzkera arauen araberakoa eta hegemonikoa ez denean sortzen den lesbofobiaz ari naiz, transfobiari ere lotutakoa. Aurreiritzia eta pertsonak lehen begiratu batean sailkatu behar izatea ez dago soilik LGTBIfobiari lotuta; mekanismo hori bera erabiltzen da pertsona arrazializatuentzat ere; protagonista zuriak elkarrizketa egiten dion pertsona arrazializatuari, berak kritikatzen duen hori bera egiten dio. Onartzen dut botere sistema jakin batek zapaldutako kolektiboko kideok indarkeria sinboliko hori beste batzuekin erabili dezakegula».

'30 urtetatik aurrerako krisia' - Miriam Muñoz (Espainia)

«30 urteetako krisia egunerokoaren eta surrealismoaren arteko topaketa da, helduarora igarotzea definitzen duen txinparta txiki bat, non atzera egiterik ez dagoen. Buru-argitasun distira bat, inoiz ez delako berandu norberarekin topo egiteko, normalki ezustean gertatzen dena».

'Bakarrik jolas bat da' - Xulia Vicente (Valentzia)

«Claudia millenial, nerd eta Interneten garaiko alaba da, eta berarentzat Simak jolas entretenigarria baino zerbait gehiago da: lehenengo aldiz jolas honetan jolastu zuenean bere burua fikzio batean irudikatuta ikusi zuen, nahiz eta une hartan erabat ulertu ez. Helduaroan, beretzat hain garrantzitsua izan zen mundu horretan inspiratuta, bideo jokoen arloan lan egitea erabakiko du Claudiak, euren burua aurkitzeko beharra dutenei etorkizuneko gazteei lagundu nahian; baina ez da langintza erraza izango».

 

Opil eta muxilen binetak

IRURA

Ekainak 27, astelehena

16:30 - 19:00. Erakusketa zabalik izango da herri eskolako aretoan.

19:30. Esnatu naiz kabareta eskainiko du Andoni Mutiloak.

Ekainak 28, asteartea

16:30 - 19:00. Erakusketa zabalik izango da herri eskolako aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!