Irurako herritarrek herri ostatu bat zer den galderari tiraka herriko ostatua izango den proiektua definitu dute. Partaidetza prozesura hurbildu diren 15 lagunen iritziz ostalaritza zerbitzuaz harago, irurarren beharrei erantzun behar die herri ostatuak, hau da, herritarrei irekia egon behar duen zerbitzu bat izan behar da.
Tabernari dagokionez herritar guztientzat irisgarria izango den eskaintza bermatu beharko dela adostu dute herritarrek, zehazki, ogitarteko, plater konbinatu eta eguneko menuei lehentasuna emanez; baita tokiko eta garaiko produktuak erabiltzea sustatu beharko dela ere, tokiko ekonomiaren alde eginez.
Bestalde, eta 2021eko udazkenean egindako partaidetza prozesuan adostutakoa berretsiz, kultur ekitaldietarako espazio bat izatea lehenetsi dute. Kasu honetan, herri ostatuak Irurako kultur mahaiarekin elkarlanean jardun beharko duela erabaki da, bertako programazioa herriko eragileekin koordinazioan eraikiz.
Bi alde nagusi hauez gain beste hainbat aldagairen inguruan hausnartu eta eztabaidatu dute, hala nola, herri ostatuaren irekiera egutegiaz eta ordutegiaz; herri-ostatuko kudeatzailearen eta Irurako Udalaren arteko harremanaz eta koordinazioaz; herri-ostatuko hizkuntza irizpideez…
Partaidetza prozesua amaituta, hurrengo urratsak ematea Irurako Udalari dagokio. Batetik, hausnartu eta adostutako proiektua esleipen pleguetan jaso eta prozedura publiko egin beharko du; eta bestetik, Zahar Etxea zenaren espazioan obrak egin eta lekua atondu beharko du.