Mendiluzek kantatuko du Eskolarteko finalean

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 15a, 07:57

Iurretan larunbatean jokatuko dute Euskal Herriko finala; ekainaren 2an banatu zituzten bertso-paper lehiaketako sariak

Ikastolen elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelketa. Aurtengoa 34. edizioa da eta bat-bateko finala, Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian jokatuko da, larunbatean, ekainaren 18an, 11:30etik aurrera. Sarrera doakoa da, baina aurrez Bertsosarrerak.eus atarian eskuratu beharko dira gonbidapenak.

Idatzizko txapelketak eta adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak bultzatzen dituzte Eskolartekoaren barruan eta 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean bat-bateko txapelketa egiten dute. Jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea da ekimenaren helburua. Hamabi gazte sailkatu dira Euska Herriko Eskolarteko txapelketaren finalera: Arabatik Maddi Agirre eta Danel Herrarte; Gipuzkoatik June Aiestaran eta Jon Mendiluze; Bizkaitik Izaro Bilbao eta June Diaz; Nafarroatik Beñat Astiz eta Eki Mateorena; Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoatik Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate. Apirilaren 29an egin zen Lasturren Gipuzkoako finala, herrialdeko Bertso Eskolen egunarekin bat eginez. Mendiluzerekin batera han kantatu zuen Danel Etxeberriak.

Jon Mendiluze irurarrak hirugarren parte hartzea izan du aurten Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketan. Iaz ere iritsi zen finalera, eta aurtengo finalean, txapeldunorde geratu zen June Aiestaranen atzetik. Horrek eman dio eskubidea Euskal Herriko finalean kantatzeko. Lehen aldia izango du bertan eta Iurretako saiora gozatzera eta publikoa gozaraztera doala dio: «Txapela janztea ez da lehenengo helburua, baina lortzen badut ongi etorria izango da. Ikusi nahi dut nolako plaza den Euskal Herriko Eskolarteko finala eta nire burua probatzera noa».

Ofiziotan arituko dira 12 bertsolariak hasteko, eta sei onenak pasako dira bigarren fasera. Seikotetik aterako da Euskal Herriko Eskolarteko txapeldun berria. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Unai Iturriagak jantziko dio txapela irabazleari. Mendiluzerekin batera, Nafarroako ordezkari gisa doan Eki Mateorena leitzarra ere Harituzeko bertso eskolan aritzen da.

GIPUZKOAKO BERTSO PAPERAK

Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten eskolarteko bertso-paper lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten aurreko ekainaren 2an Hernanin. Tolosaldea mailan, hamabi lagun saritu zituen epaimahaiak, lau mailatan banatuta.

Sari banaketa ekitaldian, Unai Mendizabal eta Ane Zubia Tolosaldeko bertsolariek gaztetxoentzako bertso saioa eskaini zuten, Haritz Mujika gidari zutela. Tolosaldeko lanen artean egondako maila altua azpimarratu nahi izan du epaimahaiak: «Bi adin-tartetan aipamen bereziak ematea erabaki dugu, jasotako lanen artean bi aukeratzeko izandako zailtasunak medio». Mujika Harituzeko koordinatzailea harro agertu da horren aurrean eta uste du eskualdean bertsolaritzaren inguruan egiten ari den lanaren emaitza dela hori: «Bai hezkuntza arautuan, bai bertso-eskoletan, presentzia handia du bertsolaritzak Tolosaldean eta horren adibide da eskolartekoan erakutsitako maila».

2012-2013 urteetan jaiotakoak:

  1. Aitzol Mintegiaga Lopetegi (Uzturpe Ikastola)
  2. Amin Abbassid El mani (Uzturpe Ikastola)

2010-2011 urteetan jaiotakoak:

  1. Unai Goikoetxea Saralegi (Uzturpe Ikastola)
  • Aipamenak:
    • Xuban Ugalde Labaka (Zubimusu Ikastola)
    • Eki Ochotorena Esnaola (Laskorain Ikastola)
    • Aizpea Lasa Lasa (Samaniego Ikastetxea)

2008-2009 urteetan jaiotakoak:

  1. Laia Apezetxea Tomasena (Aralar Institutua)
  2. Oinatz Errazkin Otamendi (Anoetako Herri Ikastola)

2004-2007 urteetan jaiotakoak:

  1. Ane Zubia Aranalde (Orixe Institutua)
  • Aipamenak:
    • Izar Zelarain Etxeberria (Erniobea Institutua)
    • Malen Gartzia Ramila (Orixe Institutua)
    • Mikel Iturrioz Lizuain (Aralar Institutua)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!