Eskola Agenda 2030eko udal foroa ospatu dute herri eskolan

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 1a, 09:55

Ikasturte honetan egindako lanketaren berri eman dute Irurako ikastolako ikasleek eta udal ordezkariei hainbat eskakizun egin dizkiete.

Irurako ikastolako ikasleek Eskola Agenda 2030 ekimenaren barruan hainbat jarduera burutu dituzte ikasturtean zehar. Ekimenaren barruan udal foroa egin dute herri eskolan eta bertan parte hartu dute Gorka Murua alkateak eta Aitor Gonzalez Ingurumen teknikariak. Hauek dira, aurtengo ikasturtean ikasleek landu dituzten gaiak:

  • Haur Hezkuntzakoak, besteak beste, marrazki eta jokoen bidez, basoan bizi daitezkeen animalia eta landareak ezagutu dituzte. Gabonetan ere antzeztutako ipuin baten bidez basoaren garrantzia eta basoa ondo zaintzeko zer egin eta zer ez duten egin behar ezagutu zuten.
  •  1. eta 2. mailakoak bingo jolasarekin landare eta zuhaitzak bizidun ugarirentzat bizileku direla eta horiek ondo zaindu behar ditugula jabetu dira, gune berdeek euren bizitzan duten garrantziaz ohartu dira eta ibili diren lekuetan zuhaitz gehienak berdinak direla ikusi dute.
  • 3. eta 4. mailakoak basoko altxorrak ezagutu dituzte: zuhaitzez gain, bizidun ugari daudela jakin dute. Gehienak ezkutuan bizi arren, hauen arrastoak identifikatu eta izenak ezagutu dituzte. Basoaren egoera aztertu eta zuhaitz batzuk besteetatik bereizten ere ikasi dute.
  • 5. eta 6. Mailakoak Basoaren egitura eta egoera aztertzen aritu dira eta klabe dikotomikoak erabiliz zuhaitz ezberdinak ezagutu dituzte.

Lana aurkezteaz gain, basoak babesteko eta zaintzeko ikastolak hartutako konpromisoak zeintzuk diren azaldu dituzte foroan, hala nola, natura zaindu eta errespetatzea, zaborrik utzi gabe eta animaliak bakean utziz; mendian eginak dauden bideetatik ibiltzea, higadura saihesteko; besteren batek utzitako zaborrak jasotzea; basoa hobeto ezagutzeko eta maitatzeko, gehiagotan bertara joatea, betiere, zarata gutxi ateraz. Ahal dutenetan zuhaitzak landatzeko konpromisoa ere hartu dute ikasleek.

Garapen Jasangarrirako hamabost helburuak lortzeko, udal ordezkariei eskaerak ere egin dizkiete udal ordezkariei:

  • Herritarrok natura zaintzeko kontzientzia har dezagun, urtean zehar gure ingurua ezagutzeko eta garbi mantentzeko ekintzak edo tailerrak antolatzea.
  • Lehen hezkuntzako ikasleentzat, baso-eskola antolatzea.
  • Ehiza neurrian egiten dela kontrolatzea, mendiko bideak zaintzea eta bertan dauden ibilbideak informazio desberdinekin osatzea.

Gorka Murua alkateak ikasleei egindako lana eskertu du, eta egindako eskaeren inguruko azalpen batzuk eman arren, datorren ikasturtearen hasieran ospatuko den Eskolako Agenda 2030en udal foroan erantzun zehatzagoa emateko konpromisoa azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!