Txakurrentzako hezkuntza tailerrak antolatu dituzte

Ataria 2022ko maiatzaren 30a

Ekainaren 8tik uztailaren 27ra asteazkenero izango dira ordubeteko saioak. Izen emateak, asteazkena bitartean egin daitezke, ingurumena@irura.eus helbidean edo 688 618 544 telefonoan.

Txakurrei zuzenduriko kale heziketa saioak antolatu ditu Irurako Udalak ekainaren 8tik uztailaren 27ra. 8 astetan zehar, asteazkenero elkartuko dira, 19:00etatik 20:00etara, eta bertan, zortzi txakur eta jabe bikoteek parte hartzeko aukera izango dute.

Herriko kaleetan edo jende artean modu egokian ibiltzeko zailtasunak dituzten txakurrei zuzendutakoa saioak dira. Sarritan, txakurren beren arazoak eta beldurrak zaunka eginez edo jarrera oldarkorra agertuz islatzen dituzte. Hain zuzen ere, jokatzeko modu horiek zuzendu eta txakurrak bere buruari zein gizakiei kalterik ez eragiteko tresnak azalduko zaizkie partaideei. 

Horretarako Beasainen kokatutako Kanguneko adituak izango dira hezitzaile lanetan, eta,, besteak beste, txakurren jabeei zer egin daitekeen eta zer ezin den egin erakusten; ariketekin eta jolasekin txakurrekin duten harremana hobetzen; eta estimulu handiko guneetan, hau da, soinu eta mugimendu handia egon daitekeen lekuetan, lasai egoten lagunduko diete txakur eta jabeei.

Txakur Eredugarri programa hainbat herritan jarri dute abian, hala nola: Tolosan, Anoetan edo Beasainen. Kanguneko Xabier Arresek azaldu du saioak arrakastatsuak izan direla eta herri gehiagotara zabaltzeko eskaerak ugaritzen ari zaizkiela.

Iruran egingo den ikastaroan parte hartu nahi duten herritarrek ekainaren 1era arte dute izen emateko aukera. Interesatuek 688 618 544 zenbakira deitu edo ingurumena@irura.eus helbidera idatz dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!